Euskal kultura

Sarrionandiak zuzenduko du Etxeparek Habanan zabalduko duen irakurletza

2016ko azaroan zabalduko da Euskara eta Euskal Kultura irakurletza, Habanako Unibertsitateak eta Etxeparek lortutako hitzarmenari esker.

1985ean egin zuen kartzelatik ihes Joseba Sarrionandia idazleak. BERRIA
Ander Perez Argote
2016ko azaroaren 2a
08:06
Entzun

Joseba Sarrionandia idazleak zuzenduko du Etxepare Institutuak, Habanako Unibertsitatearekin lankidetzan, Kubako hiriburuan zabalduko duen Euskara eta Euskal Kultura irakurletza. 1985ean kartzelatik ihes egin zuenez geroztik, erbestean bizi izan da idazlea, eta handik heldu dira haren idatzi guztiak Euskal Herrira. 2016ko azarotik aurrera Habanako unibertsitatearentzat lanean arituko dela jakinarazi du orain Etxepare Institutuak.

Azaroaren 22an jarriko da martxan irakurletza, Euskara hizkuntzaren historia izeneko ikastaroarekin. Neolitotik hasi eta gaur arteko epea betez, euskararen historia lexiko-gramatikala eta soziala aztertuko du ikastaroak. Beste hainbat ekintza ere aurreikusi ditu irakurletzak: Asier Altunak Amama filma aurkeztuko du Habanako unibertsitatean abenduaren 5ean; Abenduaren 15ean, bestalde, euskal literaturari buruzko hitzaldia emango du Mari Jose Olaziregik. Gainera, Blas de Otero eta Jose Antonio Agirreri buruzko mintegiak ere prestatzen ari dira.

Gainera, Kuban Euskal Biblioteka martxan jartzea ere aurreikusi du Etxepare Institutuak eta Habanako Unibertsitateak sinatutako hitzarmenak. Era berean, euskal zine foruma, aldizkari berri bat eta liburu sail bat abiatzea adostu dute. 2015ean lortu zuten lankidetza akordioa bi erakundeek, eta horren ondorio da gaur aurkeztutako irakurletza.

Ikur bat euskal literaturan

Euskal letren izen nabarmenetakoa da Joseba Sarrionandiarena (Iurreta, Bizkaia, 1958). Euskal filologian lizentziatua, Pott banda literatur taldeko kide izan zen 1970ko hamarkadako azken txanpan, Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde eta Jon Juaristirekin batera. 1981ean argitaratu zuen bere lehen poesia liburua, Izuen gordelekuetan barrena, ordurako kartzelan zela  —1980an atxilotu zuten, ETAko kide zelakoan—. Kartzelako egonaldian, gainera, Intxaur azal baten barruan. Eguberri amarauna poesia lana, Narrazioak bilduma, eta Ni ez naiz hemengoa saiakera kaleratu zituen.

1985eko uztailaren 7an Martuteneko (Gipuzkoa) espetxetik ihes egin zuen Iñaki Pikabea presoarekin batera, Imanol kantariak kartzela barruan emandako kontzertuan erabilitako bozgorailuetako batean ezkutatuta. Ordutik, erbestetik bidali eta zabaldu izan ditu bere literatur lanak, genero nagusi guztietan landuak. Poesian, besteak beste, ezagunak dira Gartzelako poemak (1992) eta Hau da ene ondasun guztia (1999) lanak. Narratiban, Lagun izoztua (2001) eta Kolosala izango da (2003), adibidez, eta saiakeran, Ez gara gure baitakoak (1989) edota Moroak gara behelaino artean? (2010). Azken horrekin saiakeraren Euskadi Saria eman zioten 2011an, baina polemika sortu zen Eusko Jaurlaritzak diru saria atxiki ziolako, egoera legala argitu bitartean. Azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Sarrionandiak auzirik ez zuela ebatzi, eta saria eman zion Jaurlaritzak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.