Literaturako euskadi saria

Sarrionandiari dirua ez emateko erabakia zuzentzeko eskatu dio familiak Jaurlaritzari

Hautagaitza onartu ostean, epaiaren ondoren betebehar gehiago ezartzea ez dela bidezkoa argudiatu du, eta idazleak ez duela auzirik erabakitzeke azpimarratu du

2011ko urriaren 6a
17:38
Entzun

Joseba Sarrionandiaren familiak, ohar baten bidez, idazleari Euskadi saria irabazteagatik dagokion dirua ez emateko erabakia zuzentzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Sarrionandiak lehiaketaren oinarriak betetzen dituela argudiatu du sendiak, eta horregatik, hautagaitza onartu ostean, epaiaren ondoren betebehar gehiago ezartzea ez dela bidezkoa dio.

Gainera, idazleak Justiziarekin ez duela auzirik erabakitzeke azpimarratu du, eta Kultura Sailak bestelako berririk balu, hori argitzeko organoa Justiziako administrazioa dela dio. Oharra Maria Jesus Sarrionandiak sinatu du, familiaren izenean eta gaur eman dute argitara.

Euskadi literatur sariko epaimahaiak astelehenean jakinarazi zuen saiakeraren arloan Joseba Sarrionandiak irabazi duela Moroak gara behelaino artean? idazlanarekin. Horrekin batera, ordea, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen, "erabakia errespetatu arren", atxiki egingo duela sariaren dirua, Sarrionandiak "saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean". 18.000 euro dagozkio Literaturako Euskadi sariari.

Harridura, epaimahaian ere

Eusko Jaurlaritzaren erabakiak harridura sortu du kultur arloan, eta Euskadi sariko epaimahaiak ere ez duela ulertzen esan du. Katixa Agirre idazlea zen saiakeraren arloan epaimahaia osatu zutenetako bat: "Guk eman genuen epaia. Irizpide batzuk eman zizkiguten eta horiek jarraituz saritu dugu. Guri adierazi ziguten Sarronandiaren obra onartuta zegoela. Orain ez dut ulertzen zer gertatzen den, zer gertatuko den eta benetan egin dezaketen egin nahi dutena". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.