Saxoak eragindako mantra

Xelo Giner saxofoi jotzaileak Aurelio Edler-Copes konpositorearen 'Sssooooommm' pieza estreinatuko du gaur, Musika Hamabostaldiko Musika Garaikideko Zikloan

Mikel Chamizo, Aurelio Edler-Coper, Aitor Amilibia eta Xelo Giner, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Jaialdiaren lehen txanpan bi kontzertu programatu ostean —Plural Ensemblek abuztuaren 6an eman zuena, eta Noelia Rodiles, Elena Rey eta Jorge Montek osatutako hirukoak 12an emandakoa—, atzo berrekin zion Donostiako 84. Musika Hamabostaldiak Musika Garaikideko Zikloari. Atzo, Silboberri txistu elkarteak eman zuen kontzertua, eta bost obra interpretatu zituen; horietatik bi, erabateko estreinaldiak: Carmen Asenjo-Marrodanen Ad index Desconstruction II eta Lula Romeroren Uneindeutiges.

Gaur, berriz, Xelo Giner saxofoi jotzaile kataluniarrak beste obra bat estreinatuko du MusikaHamabostaldian, Aurelio Edler-Copes konpositore brasildarraren Sssooooommmm. Giner Edler-Copesen musika elektronikoak lagunduta ariko da kontzertuan, eta azken horrek azaldu du sistema analogikoko pedalekin lan egingo dutela zuzenean, bi gitarra anplifikadorerekin, hain zuzen ere. «Alderdi gizatiarra eta mekanikoa fusio batean batzea da» asmoa, konpositoreak adierazi duenez. «Ez da izango aurrez grabatutako soinurik, eta, pedalen bitartez, espazializazioa lortzea izango da helburua. Mantra baten gisakoa lortuko dugu entzulea soinuan bertan sartuta». Obraren izenburuak berak (Sssooooommmm) helburu hori adierazten du, Edler-Copesen arabera: «S letrak airea ordezkatzen du; o letrak, tonua; eta m-ak, oihartzuna».

Obra berri horrez gain, Ginerrek beste sei lan emango ditu gaurko kontzertuan: Gyorgy Kurtagen Signes, Games and Messages, Carlos David Peralesen Butho, Isabel Latorreren Sainth Wich, Carlos David Peralesen Sola, Mikel Chamizoren Titanio eta Miguel Angel Berbisen Eixe sentiment...quan plou. Pieza horietako lehenengo laurek adierazkortasun emozionala transmitituko dute, Ginerrek azaldu duenez, eta gainerako biek eta Edler-Copesenak, berriz, «alderdi gizatiarren eta mekanikoen arteko harremana».

Ez da gaurkoa Ginerrek obra horiek interpretatuko dituen aurreneko aldia. Latorrerena, esaterako, 2022an eman zuen, Valentzian (Herrialde Katalanak), emakumeei eskainitako kontzertu batean, konpositorearekin eskuz esku lan egin ondoren. Azaldu duenez, Erdi Aroko musikan du oinarria obrak, eta bere ahotsaren bitartez sortutako efektuak ditu ardatz, «beti saxofoiaren hodiaren barruan sortzen direnak». Sainth Wich, gainera, Maya Deren zinemagile ukrainar esperimentalaren (Kiev, 1917-New York, 1961) irudiek lagunduta interpretatuko du Ginerrek.

Musikarien topaketa

Aurten lehen aldiz, musika garaikidean lanean ari diren konpositore eta interpreteen topaketa bat jasoko du Musika Hamabostaldiak. Musika Bulegoak antolatu du, eta gaur izango da, Ginerren eta Edler-Copesen kontzertuaren aurretik. «Egitasmo aitzindaria izango da Euskal Herrian», azaldu Mikel Chamizo konpositore eta Musika Bulegoko ordezkariak, «konpositore eta interpreteen arteko networking bat». Chamizok denbora darama Euskal Herriaren eta atzerriaren artean lanean, eta, haren iritziz, hemengo sorkuntza garaikidea «instituzionalizatua» dago. «Euskal Herrian, oro har, konpositoreek instituzioen eskaeren arabera egiten dute lan, baina beste herrialde batzuetan, ordea, sareak biziagoak dira. Lan egiteko espazioak daude».

Sorkuntza sustatzeko asmoz, 30 bat konpositore eta interprete bilduko dira ordubetez, «batzuek besteen berri izan eta aurrerago lan egiteko oinarriak jar ditzaten». Horri lotuta, Musika Bulegoak hiru diru laguntza bideratuko ditu sormena sustatzeko, topaketan sor daitezkeen lankidetza harremanak bultzatzeko xedez. «Gainera, hainbat belaunalditako sortzaile eta interpreteak elkartu nahi ditugu, bai gazteak, bai ibilbide bat dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.