Segurtasun ezetik sorkuntza

Fermin Etxegoien sarituak «euskaraz egiten duten guztiak» izan zituen gogoan Euskadi Literatur sariak banatzeko Donostiako Kursaalean atzo egindako ekitaldi instituzionalean.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gaztelaniaz hasi zuen hitzaldia Fermin Etxegoienek, euskarazko Euskadi Literatura saria jaso ostean. Gaztelaniaz ekin zion hitzaldiari, euskaraz mintzo direnak gogoan izateko: «Sari hau eskaintzen diet euskaraz hitz egiten duten guztiei, eta horrela egiteak zein esfortzu eskatzen duen ohartzen direnei». Euskarara jo zuen gero, Eusko Jaurlaritzari galdera zuzena egiteko, hain zuzen ere, Patxi Lopez EAEko lehendakaria eta Blanca Urgell Kultura sailburua bertan zirelarik: «Ari al da gobernu hau segurtasunik ematen euskaldunoi, besteak beste, modu subliminalak erabiliz? Beharbada bai.Izan ere, ari bada, gu ez gara momentuz enteratu».

Segurtasun gabeziaz hitz egiten du Autokarabana liburu sarituak egilearen beraren hitzetan: «Bada protagonista nagusi bat, linguistikoki seguru bizi dena, bere bizitzaren parte gehiena gaztelaniaz bizi duelako, eta pentsatzen duena euskaraz ezin litekeela segurtasun hori bizi».

Eskertu beharreko pertsona asko dituela adierazi zuen Etxegoienek, baina batik bat Jose Anjel Irigarai idazlea eduki nahi izan zuen gogoan: «Nire letretako ibilbide honetan ezinbestekoa izan den pertsonaia delako».

Esker on, diskurtso poetiko eta literatur erreferentzien artean joan zen Euskadi Literatur sariak banatzeko atzo Donostiako Kursaalean egindako ekitaldia. Musikaz lagunduriko Juan Kruz Igerabideren poema grabatu bat, eta Jon Maya dantzariaren saioak eman zion sarrera ekitaldiari.

Eta Patxi Lopezen hitzek eman zioten, aldiz, amaiera. Euskaraz egin zituen lehen hitzak hark, baina hitzaldiaren corpus nagusia gaztelerazkoa izan zen. Sorkuntza eta literatura «askatasunerako ate ireki bat» direla nabarmendu zuen. «Literatur munduan ia dena aldatzen ari da. Esentziala ez ordea, sorkuntza eta irakurlea. Ahalik eta ahalegin handiena egin behar dugu, baita Gobernutik ere, idazlearen eta irakurlearen arteko harremanak ere etorkizuna izan dezan euskarri berrietan, batez ere euskarazko sorkuntzetan», zehaztu zuen.

Patxi Zubizarretak hirugarrengoz jaso zuen Euskarazko haur eta gazte literaturaren Euskadi Saria. Xia Tenzinen bidaia miresgarria liburuaren «musikaltasuna» nabarmendu du epaimahaiak beste zenbait ezaugarriren artean. Literatura ulertzeko modu bat amaitzen ari dela ohartarazi zuen Zubizarretak, eta letren inguruko pertsona guztiek adi egon beharko dutela etorkizunean zer gerta ere. Euskal politikagintzan bizi diren garai berriek ere «narratiba eta poetika berri bat» eskatzen dutela esan zuen.

Azurmendi ez zen izan

Joxe Azurmendik ez zuen sari banaketara joaterik izan. Aurkezle lanetan aritu zen Hasier Etxeberriak zehaztu zuen belaunean ebaketa egin berri diotela. Haren ordez, bere anaia Joxe Mari Azurmendik jaso zuen Azken egunak Gandiagarekin liburuari esker irabazitako euskarazko Saiakeraren Euskadi saria. Eta anaiak irakurri zuen sarituak idatzitako testua ere: «Saioa gogoetaren tokia da. Euskarazko saioak laguntza behar du», esan zuen.

Gaztelerazko Saiakeraren Euskadi saria Miguel Sanchez Ostizek jaso zuen, Sin tiempo que perder liburuari esker. «Gure denbora bete-betean bizitzeko deia» da liburua, egilearen hitzetan.

Jose Fernandez de la Sotak jaso zuen Gaztelaniazko Euskadi Literatur saria, Vacilación poesia liburuarengatik. Krisi garaiotan poesia inoiz baino beharrezkoagoa dela azpimarratu zuen.

Jokin Mitxelena Erizek marrazkigileen antzinakotasuna ekarri zuen gogora, aldiz, Ipuin -kontalarien lapikoa liburuarekin Ilustrazioaren Euskadi saria jaso ondotik. Eta Euskarazko Itzulpen saria jaso zuen Jesus Mari Mendizabalek -Horacio Quirogaren Eguzki kolpea itzultzeagatik-, umore mingotsez beteriko hitzaldia egin zuen, literaturzaletasun eskasia gogora ekarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.