Euskal Herrian ekoitzitako azken urteko film hautatuak erakusten ditu Zinemira sailak, eta Euskal Herriko zinemagintzaren ispilutzat jotzen dute antolatzaileek —Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Filmategia, Donostiako Zinemaldia, EPE eta IBAIA— .
Aurten, 62. Donostiako Zinemaldian, irailaren 19 eta 27 artean, sei pelikula proiektatuko dituzte, eta seiak dira dokumentalak. Horietako bi, Raul de la Fuenteren I am Haiti eta Gorka Gamarraren Lantanda, mundu mailako estreinaldiak izango dira. Karibe itsasoko uharte horretako zonbifikazio sistema erakusten du lehenak. Han bada artista bat vuduak inspiratzen duena eskulturak egiterakoan... Bigarrena kreoleraren egoeraz mintzo da, Ginea Bissauko (Afrika) hainbat belaunalditako musikari eta idazleen bitartez.
Ateak zabalduz Juanmi Gutierrezena joan den apirilean estreinatu zuten Giza Eskubideen Donostiako XII. Zinemaldian. Oarsoaldeko okupazio mugimenduari buruzko lana da, estereotipoekin hautsi nahi duena. Rafa Moles eta Pepe Andreuren Five Days to Dance dantzari buruzkoa da. Bi dantzarik institutu bateko nerabeekin izandako esperientzia baliatu dute horretarako. Gai berari heltzen dio Oskar Tejedorren Notas en movimiento (Notak mugimenduan)-ek. Miarritzeko Malandain balletak koreografia bat estreinatu aurretik egin beharreko sorkuntza erakusten du pelikulak. Eta Gentzane Martinez de Osaba eta Alexander Garcia de Vicuñaren Señales de vida: Nestor Basterretxea (Bizi seinaleak: Nestor Basterretxea), joan den uztailean hildako artistari buruzko filma da. Sei horietatik Ateak zabalduz eta Notas en movimiento dira erabat edo zatiren batean euskarazkoak.
Bi estreinaldiak Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratzeko lehiatuko dira, Zinemaldian beste edozein sailetan estreinatuko dituzten eta gutxienez %20ko euskal ekoizpena duten pelikulekin batera. Aurten, hortaz, I am Haiti, Lantanda, Pablo Maloren Lasa eta Zabala (Sail Ofiziala baina lehiatik kanpo), Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak (Sail Ofiziala), Borka Kobeagaren Negociador (Zabaltegi) eta Roberto Castonen Los tontos y los estúpidos (Zuzendari Berriak) lehiatuko dira.
Zinemira saria irailaren 22an emango diote Oleari (Bilbo, 1938), Viktora Eugenia antzokian egingo den galan —ekitaldi horretan estreinatuko dute Negociador—. Zinemagilea, ekoizlea eta gidoigilea da, eta mende erdia darama ofizioan. Akelarre (1984) da hark zuzendutako pelikularik entzutetsuena. Urte hartako Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatu zuten XVI. mendeko Nafarroako herri txiki bateko istorioa kontatzen duen lana.