Jafar Panahi zinemagile irandarrari sei urteko espetxe zigorra ezarri diote sorterrian, haren abokatuak agentziei atzo jakinarazi zienez. Irango Gobernuaren aurkako konspirazioa eta propaganda egitea egotzita zigortu dute zinema zuzendaria.
Kartzela zigorraz gain, zinema egitea debekatu diote Panahiri. Zehazki, datozen hogei urteetan filmak egitea, gidoiak idaztea, Irango zein atzerriko komunikabideei elkarrizketak eskaintzea eta atzerrira bidaiatzea debekatu diote. Faride Geirate haren abokatuak jakinarazi zuenez, «ziurrenik» epaia berrikusteko eskatuko dute, eta litekeena da erabakiari helegitea aurkeztea. Hogei eguneko epea dute horretarako.
Panahirekin batera, Mohammad Rasulof zinemagile gazteari ere sei urteko espetxe zigorra ezarri diote, konspirazioa eta propaganda egitea egotzita hari ere.
Joan den otsailean atxilotu zuten Panahi, oposizioarekin lotura izatea leporatuta. Iazko ekaineko hauteskundeen ostean oposizioaren aldeko mugimenduan parte hartu zuen eta, mugimendu horri buruzko film bat lantzen ari zelako susmopean atxilotu zuten. Evingo espetxean 88 egun zeramatzala, gose grebari ekin zion, abokatua, senideen bisitak eta epaiketa eskatzeko. «Zinemagatik zin egiten dut nire eskakizunak bete arte ez dudala gose greba bertan behera utziko». Maiatzean aske utzi zuten, 160.000 euroko bermea ordainduta. Bitarte horretan milaka irandarren eta nazioarteko artista askoren babesa jaso zuen.
Hainbatetan zentsuratua
Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteari kritika egiteagatik, haren filmek hainbatetan izan dute gobernuaren zentsura. Hala ere, atzerriko zinema jaialdi nagusietan hainbatetan saritu dituzte haren lanak. White Balloon filmarekin Urrezko Kameraren saria eman zioten 1995ean Cannesen. 2000. urtean Veneziako Mostran Urrezko Lehoia irabazi zuen The Circle filmarekin. Emakumeek Iranen duten egoera salatu zuen film hartan. Fipresci saria ere jaso zuen lana horrengatik. Crimson Gold filmagatik 2003an berriro saritu zuten Cannesen, Un Certain Regard saria emanda. Offside filmarekin (2006), berriz, Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlinalen. Handik hiru urtera atxilotu zuten lehen aldiz, protesta batean. Aske geratu zen, baina atzerrira joateko debekua ezarri zioten.
Sei urteko espetxe zigorra ezarri dio Iranek Jafar Panahi zinema zuzendariari
Datozen hogei urteotan filmak egitea, gidoiak idaztea, elkarrizketak ematea eta atzerrira bidaiatzea debekatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu