Sekula erakutsi gabeko Oteizaren bi lan jarri dituzte ikusgai Altzuzan

Artistaren hasierako piezen ondoan jarri dituzte eskulturak, eta haien «bakantasuna» nabarmendu dute

1939an eta 1951n sorturikoak dira Oteiza museoan jarritako eskulturak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Altzuza
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
«Oteitza». Eskulturan nabarmen ikusten da artistaren sinadura, baina ez da pieza ezagunegia. Artistaren garairik ezezagunetarikoa da. 1939an sortu zuen Emakume bat ispiluaren aurrean izeneko lana, Buenos Airesen zegoela, eta izenburuak azaltzen duen bera erakusten du: emakume bat eskuko ispilu baten aurrean, bere buruari begira. Sekula erakutsi gabea zen pieza, eta orain jarri dute ikusgai lehenengoz Altzuzan (Nafarroa) dagoen Oteiza museoan, 1951ko Figurak Familia tituluko lanarekin batera. Aurrez inoiz erakutsi gabea da bigarren pieza hori ere. Gutxienez, urtebetez izango dira bi piezak Oteizaren hasierako lanei eskainitako gunean, Bilboko Carreras Mujika galeriak maileguan utzita.

«Oso pieza bakana da emakumearena», azaldu du Gregorio Diaz Ereñok. Zuraren azalera imitatzen du gune batzuetan, baina esmaltez apaindutako zeramikazkoa da, polikromatua. «Amerikan egin zuen denbora berreskuratzen laguntzen digu», dio. Izan ere, Argentinako hiriburuko portzelana eskola bateko irakaslea zen orduan Oteiza, eta han zela sortu zuen eskultura hori, Elena Ilundainentzat. Museoan bazituzten piezaren argazki eta hari buruzko dokumentuak, baina, Diaz Ereñok azaldu duenez, faltan daude garai hartako dokumentu asko. Bortxaz, komunistaz beteta omen zegoela eta, Zeramikako Eskola Nazionaleko maisuetariko baten etxean sartu baitzen Polizia.

Bazterrean utzitako bide baten lekukotza da pieza Oteizaren ibilbidean. Ageri ditu bere geroko lanen ezaugarri batzuk, baina baita gerora berriz ikusiko ez diren batzuk ere. «Mugarri bat» da Emakume bat ispiluaren aurrean, museoko arduradunaren hitzetan. Eta, hain zuzen ere, ispilua da froga. Bertan, emakumearen isla ez da moztura hutsa, atera egiten da plano lautik, bolumena hartuz. «Irrealtasunen arteko jolas moduko bat» da hori, museokoen hitzetan. Gerora errepikatuko ez den saio bat. Ez da, ordea, kasu bakana. Picasso eta Velazquezekin uztartzen du saio hori Diaz Ereñok. «1920ko hamarkadako joera espresionistekin». Zeramikaren zati batzuek duten zurarenaren gisako ehundura latza eta emakumearen xerloaren fintasunaren kontrastea aipatu ditu, adibidez.

Bi aurpegiko burua

Arantzazuko apostoluen aire bat badu beste eskulturak. Kareharri zurian landutako bloke trinko bat da Figurak Familia lana. Elkarri besarkatuta edo heldutako bi pertsonaia ageri ditu. Oso modu geometrikoa dute, ordea, eta nabarmena da kuboaren figura. 33 zentimetro da altu, eta sendoa da blokea. Hustuketarik gabea. Besteak beste, trinkotasun eta materialtasun horrek bereizten du eskultura hori museoan ondoan dituen eta gerora landu zituen beste giza figuretatik.

Bi figuren aurpegiak ere badira deigarriak. Picassoren eta kubisten lanetan hain ohikoa den perspektiben aldiberekotasunarekin egin zuen saioa artistak. Horregatik, bi aurpegi ditu buruetariko batek; aurrealdean bata eta atzealdean bestea. Buenos Aires utzi eta Kolonbiara joan zen Oteiza 1942an zeramika irakasle aritzera. Handik Madrilera heldu, eta denbora gutxira sortu zuen Figurak Familia pieza, 1951n. Aldiberekotasunari buruzko saiakera izeneko obra sortu zuen urte berean, hain zuzen ere.

Konponketa lan batzuk ere egin behar izan dituzte bi piezak erakutsi ahal izateko. Kareharriz eginikoak arraildura bat zuen, esaterako, eta aurpegia ere kaltetua zuen bi buruetariko batek.

Partikularren eskuetan izan dira orain arte beti bi eskulturak, Bilboko Carreras Mugika galeriako ordezkarien hitzetan. Horregatik erabaki zuten piezak museoari uztea. «Bilduma partikular batetatik jaso, eta guk ere bilduma partikular bat osatzeko salduz gero, ez zituzkeen inork ikusiko». Eskulturaren sorkuntza prozesua azaltzen duten argazki eta dokumentuak ere badaude museoko funtsen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.