Senatuan 'Sinde legea' onartzeko ados jarri dira PSOE, PP eta CiU

Webguneak ixteko aurrez epailearen baimena beharko dela hitzartu, eta zuzenketa bateratua aurkeztu dute

Angeles Gonzalez Sinde ministroa, akordioa lortu ostean. JUANJO GUILLEN / EFE.
Agentziak
Madril
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Epea amaitu baino lau ordu lehenago. Sinde legea aurrera ateratzeko zuzenketa bateratua aurkeztu zuten atzo iluntzean PSOEk eta PPk Espainiako Senatuan. Bi alderdiek eta CiUk azken orduan lortutako akordioaren ondorioz, Senatuak onartu egingo du Ekonomia Iraunkorraren Legea, edo deskargen aurkako lege gisa ezagutzen dena, abenduan Espainiako Kongresuan atzera bota zena. Alderdietako iturrien arabera, webguneak ixteko prozesu orotan «berme judizialak» indartu dituzte zuzenketarekin.

Zuzenketak jasotzen duenez, egile eskubideak dituzten edukiak baimenik gabe eskaintzen dituzten webguneak ixteko «epailearen aurretiazko baimena» beharko da. Halaber, webgune bat ixteko edozein eskaera 24 orduren barruan onartu edo baztertu beharko du epaitegiak, aurrez fiskaltzari galdetuta. Behin baimena dagoenean, webguneak «behartuta egongo dira identifikazioa egiteko beharrezkoak diren datuak eskaintzera».

Bestetik, Jabetza Intelektualaren Batzordea eratzea berresten du zuzenketak. Kultura Ministerioaren menpeko batzordea izango da, webguneen aurkako salaketak aztertuko ditu eta bitartekaritza zein epaile lanak egingo ditu. Batzorde horrek webgunea edo horren edukiak blokeatu ahalko ditu, baina neurri hori hartu aurretik, webgunearen arduradunari eskatu beharko dio «legea betetzen ez duten edukiak bere borondatez erretira ditzala, 48 orduko epea bete baino lehen». Behin denbora hori beteta, bi eta bost egun arteko epean bere ondorioak kaleratu beharko ditu organo horrek, eta beste hiru egunen barruan, azken erabakia.

Bestetik, kanon digitalari buruzko aipamena jaso dute zuzenketan. Horren arabera, legea indarrean sartu eta hiru hilabete gabe, Europako Batasuneko legeei jarraiki, «kopia pribatuagatiko konpentsazioaren araudia aldatzeari» ekin beharko dio PSOEko gobernuak.

Azken asteotan legea aurrera ateratzeko modua negoziatzen aritu dira alderdiak, eta lortutakoarekin pozik agertu ziren alde guztiak. Angeles Gonzalez Sinde Espainiako Kultura ministroaren hitzetan, lege berriak «guztien eskubideak bermatzen ditu». Erabiltzaileek «erabateko lasaitasuna» izan behar dute, haren ustez legeak ez dielako jazarriko. Halaber, alderdien artean lortutako akordioak «jabetza intelektualaren eskubideak dituztenen bermeak eta babesa areagotzen» dituela adierazi zuen ministroak.

Akordioa kritikatu zuen, aldiz, Alex de la Iglesiak, Espainiako Zinema Akademiako zuzendariak. Lege berriak ez duela «inor betetzen» uste du zinemagile bilbotarrak, eta PPk «dagoeneko lokaztuta zegoen gauza bat are gehiago lokaztu du». Haren ustez, hoberena «berriro hutsetik hastea» litzateke, legeak hasieratik ez duelako herritarren babesa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.