ERrobiko festibala

Senegaldik Mazedoniara, Irandik pasatuz

Errobiko jaialdiak bere 22. edizioa uztailaren 20an hasiko du Itsasun.

Ablaye Cissoko kora jole eta kantari poeta malinkearra etorriko da Itsasura.
Nora Arbelbide Lete.
2017ko uztailaren 12a
13:04
Entzun

Itsasuko “esperientzia”. Hala aipatu du Errobiko festibala Juan Gorostidi idazleak, jaialdia aurkezteko antolatu prentsaurrekoan. Errobiko jaialdia “esperientziatzat” dauka, eta horrek egiten du behin eta berriz itzultzeko gogoz dagoela. Eta gogo hori partekatu nahian dago orain Gorostidi. Goizetik gauera arte, belaunaldi anitz nahasiak ikusten ditu hor. “Musika zentzu zabal batean ulertzen” duen jaialdia dela deritzo, non lotura egiten baita “gainontzeko arteekin”.   “Erresistentzia” leku bat zaio. Mizel Theret dantzari eta parte hartzailearen hitzak dira horiek, Gorostidik bere egiten dituenak.

Uztailaren 20an hasi eta, ostegunarekin, 22. aldia izanen du aurtengoa jaialdiak. Gorostidik gogoratu du nola, bere iduriko, XX. mendean musika eta orohar artea bizitzeko moldea anitz aldatu diren. Bi gauza gertatu direla azaldu du. Batetik, hurbiltasun bat. Mundu osoa hurbilago norbanakoaren esku, begi eta belarrietatik, eta, aldi berean, "dena bilakatu da espektakulu, merkantzia. Hurbilago dago, baina baldintza batekin: kontsumitzaile gisa".

Errobin ez du, ordea, horrelakorik ikustenk eta horregatik, beraz, bere presentzia hitzemana aurten ere. Hizlari gisa parte hartzekoa du, Nortasuna, transmisioa, eta berpizkundea munduaren sagailoan eztabaidan. Jaialdiko lehen hitzordua izanen da hori, urtarrilaren 20an, ostegunarekin, 17:00etan. Ondoan izanen ditu solaskide, besteak beste, Ablaye Cissoko kora jotzaile eta kantari poeta malinkearra.

Cissoko du jaialdiak gomit nagusietako bat, hain justu. Irandar eta kanadarrez osatu Constantinople ganbera musika taldearekin ariko da uztailaren 21ean, ostiralarekin. Irandarrak dira horiek ere, eta ostegunarekin arituko dira. Benjamin Moussay pianoan, Keyvan Chemirani zarb perkusioa jotzen ariko dira. Larunbat gauean, berriz, Mazedoniako Koraci Orkestar taldeak musika tziganoaren indarra ekarriko du Lapurdira.

Eta arte horretan saio andana bat goizetan hasi eta biharamuneko ordu txikietan bururatzeko asmoekin, hortaz. Bartoken musikak, Zuberoako ahaire zaharrak, migratzaileen dantza isila. Batzuk, Gorostidiren gisan jadanik etorriak direnak jaialdira, eta poz handiz berriz etortzen direla berresten dutenak, dela Pascal Daudon margolaria, Mizel Theret dantzaria bera, Christine Martineau edo Denise Laborde kantari musikariak.

Egitarau osoa: errobikofestibala.fr

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.