Atzo inauguratu zuten Ekainberri Ekaingo leizearen erreplikan duela milaka urte inguru bizi izan ziren gizon-emakumeek zituzten sentsazioak eta sentimenduak nabari daitezkeela esan dute arduradunek. Atzoko inaugurazio ekitaldian, behinik behin, sentimendua izan zen nagusi. Jesus Altuna arkeologo eta aurrehistorialariaren ahotik entzundako hitzei zerien sentimendua. Urteetan egindako lanaren izerdia, memento zailetako desesperazioa, diru-eskean ibili beharraren premia; guztiak kanporatu ziren erreplikaren barruan. Baina sentimendu nagusi bat geratu zen animalien irudiak gordetzen dituzten hormetan itsatsita: lan burutuaren satisfazioa
Jesus Altuna arkeologoa izan zen Joxe Miel Barandiaranekin batera Ekaingo indusketak egin zituena. 70eko hamarkadan, Lascaux eta Altamirako leizeetan bisitariek eragindako kalteak ezagunak ziren. Memento hartan, alde askotatik ulertu ez zen erabakia izan zen arren, Ekaingo ondarea babesteko erabaki zuzena zelakoan koba jendearentzako itxita geratu zen, eta orain, hainbeste izerdi kosta izan duen proiektua burutu denean, kontserbazio lanean jarraitu beharra dagoela gogoratu nahi izan zuen arkeologoak. «Proiektu honek hiru zutabe ditu: Lehenengoa, Ekain etorkizunean babestea, orain arte babestu izan den bezala. Bigarrena, ingurunea ere berdin babestea. Eta hirugarrena, Ekaingo santutegiak gordetzen duen altxorra herriari zabaltzea. Lehenengoa eta hirugarrena bete ditugu Ekainberrirekin, baina orain, bigarren zutabea landu beharra daukagu; besteak beste, Lili jauregitik Ekainberrira Sastarrain bailaran gora doan bidea zainduz». Helburu horrekin, erreplika babesten duen eraikinaren inguruan aparkalekurik ez egitea erabaki zen. Ekainberri ikustera doazenek, beraz, autoa Zestoa sarreran dagoen aparkalekuan utzieta oinez igo beharko dute erreplikara arte dagoen kilometro erdiko aldapa.
Ekainberriz gozatzeko igo behar den aldatsaren aldean, bide maldatsua izan da proiektuak atzoko egunera iritsi arte izan duena. Biziki gogorra izan zen mementoa azpimarratu nahi izan zuen Altunak: «Duela bost urte, egoera larrian zegoen proiektua. Batutako dirua ezzen nahikoa». 1996an Zestoako Udalak hasitako proiektuak finantzaketa ekonomikoarekin arazoak zituen eta atzerapen handia zeraman. Egitasmoa bertan behera gera ez zedin ezinbesteko aurrerapausoa eman zen orduan: Ekain Fundazioa sortu zuten 2004ko azaroan Zestoako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, eta horrekin batera, finantziazioan egonkortasuna lortu zen. «Azken bost urteak oso emankorrak izan dira, eta ondorioz, Renaud Sansonek Ekaingo hormak ezinhobeto irudikatu ahal izan ditu. Eta hauxe da emaitza», azaldu zuen Altunak.
Dena dela, azken urteak ez dira dirudien bezain gozoak izan. Inaugurazio eguna behin eta berriz atzeratzen joan da azken urteetan, atzo, azkenean burutu zen arte. Ekaingo kobaren pinturarik garrantzitsuena zaldien labar nagusia da. 2007ko martxoaren 23an, orain Ekainberrin dagoen zaldien labar nagusiaren panela Tabakaleran jarri zuten ikusgai. Orduan, erreplika2007 amaieran inauguratzea zen asmoa. 2008a iritsi zen eta Renaud Sanson Ekainberriko eszenografiaren arduradunak oraindik paneletan lanean ziharduen. Erreplika benetako leizearen kopia perfektua izatea zuten helburu arduradunek, eta horrek, teknologiarik aurreratuenekin lan egitera behartu ditu Sanson eta bere taldea. Ondorioz, panelak prest egon beharko luketen epeak ere atzeratzen joan dira. 2007an kale egin ostean, aurtengo udara atzeratu zen inaugurazioa, baina bistan denez, orduan ere ez zen posible izan. Azkenean, gaurtik bertatik, nahi duena hurbil daitekeSastarraingo bailarara, duela 13.000 bat urte margotutako zaldi zein hartzak ikustera.
Guztiaren hasiera
«Andoni, hemen zulo bat zegok!». Hitz horiekin hasi zen dena. Antxieta kultur taldeko Rafael Rezabalek taldekide Andoni Albizuriri esandako esaldia da, Ekainek sabelean gordetzen zuen altxor ederra aurkitu baino minutu gutxi lehenago. Aurkikuntzaren bi arduradun azpeitiarrak gogoratu nahi izan zituen Jesus Altuna arkeologoak. Rafael metro gutxira zuen, «Andonik gazte ginela utzi gintuen, ekinean ginela». Egun ahaztezin haietara buelta egin zuen arkeologoak: «ezin ahaztu liteke Andoniren eskutik Joxe Miel Barandiaranekin egindako lehenengo bisita zoragarri hura».
Sentimendua darien hormak, lehenengo egunetik bertatik
Jesus Altuna arkeologoak Ekainberriren zailtasunak eta etorkizuneko erronkak izan ditu hizpide, erreplikaren inaugurazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu