Sergio Ramirez: «Mundu idealak eta utopiak sortzen ditugu literaturatik»

'Mundua aldatzeko ideiak' topaketetan parte hartu du idazle nikaraguarrak, Alfredo Jaarrekin batera

Bilbo
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Literaturak eta arteak mundua alda dezaketen. Horra hor egunonotan, 2012 Fundazioak antolatuta, Bilbon egiten ari diren Mundua aldatzeko ideiak topaketetan egiten ari diren galderetako bat. Sergio Ramirez Nikaraguako lehendakariorde eta idazleak uste du baietz, arteak basakeriari erantzuteko ahalmena duela. Haren esanetan, Gernikako bonbardaketa «ezohiko gertakizun historikoa» izan zen, «eta artelan handi bat sortu zen horren harira». 1984 eta 1990 artean, gobernu sandinistako kide izan zen Ramirez, eta haren iritziz, Latinoamerikako politika ez da «ohiko parametroen arabera» garatzen, eta horrek artea «elikatzen» du.

Hainbat alorretako artista, pentsalari eta intelektualak bildu dituzte gaur eta bihar Mundua aldatzeko ideiak topaketetan, egungo gizartearen inguruan hausnarketa egiteko.

Topaketa horietan Ramirezek esan duenez, errealitatearen eta literaturaren arteko lotura «askatasuna, justizia eta demokrazia moduko hitz magikoetan» aurki daiteke. «Literaturaren mundutik idealak eta utopiak sortzen ditugu». Hala ere, mundua aldatzea literaturaren «ondorioa» dela uste du, «eta ez helburua».

Alfredo Jaar artista, arkitekto eta zinemagile txiletarrak, berriz, aitortu du ez duela inoiz «beldurrik» izan mundua aldatu nahi duela esateko. «Naifa eta inozoa izatea leporatu didaten arren». Ondoren, Nietzsche aipatu du, kultura «arnasten dugun airea» dela adierazteko: «Hark esaten zuen bizitza musikarik gabe hutsegite bat izango litzatekeela. Nire ustez, kulturarik gabe bizitza hutsegite bat izango litzateke. Imajinatu dezagun une batez zer izango litzatekeen bizitza musika, antzerki eta zinemarik gabe». Jaaren iritziz, kulturak «aldaketak» eragiten ditu. «Motelak izaten dira, ez dira antzematen, baina gertatzen direnean erradikalak eta argiak izaten dira».

Ramirezek demokraziaren eta Hirugarren Munduaren inguruko hitzaldia emango du gaur, 20:00etatik aurrera. Jaarrek, berriz, irudiek duten indar sinbolikoaz hitz egingo du bihar, 17:00etan. Bi hitzaldiak Euskaldunan izango dira.

Atzoko protagonistak Ramirez eta Jaar izan baziren ere, prentsarako eginiko agerraldian Txileko presidente ohi Michelle Bacheletek topaketetarako grabatutako solasaldi laburra ere proiektatu zuten. Bacheletek esan zuenez, Gernikako bonbardaketa «gerraren izugarrikeriaren sinbolo» da, Picassok, Blas de Oterok eta Gabriela Mistralek gertakari horri kultura erabilita «erantzun» ziotela gogora ekarriz.

Eztabaida ugari

Atzo, berriz, topaketetako lehen hiru eztabaidak egin zituzten. Hasteko, Ramiro Pinilla idazleak istorio bat kontatzeko moduaren inguruan berba egin zuen, eta Bence Fliegauf zinemagilea arrazakeriari eta lehen munduko bihotzean ahaztutako gatazken inguruan mintzatu zen. Hurrena, Germaine Greer eta Wassyla Tamazali kazetari feministek XXI. mendeko emakumeen erronkez eta arabiar herrietan jazotako iraultzek sexu arteko harremanetan eragindako aldaketez eztabaidatu zuten. Azkenik, Susan Georgek Shashi Tharoorekin bat egin zuen globalizazio prozesua kritikatzeko orduan: lehena analista politikoa eta bigarrena politikari ohia izanda ere, biek ala biek aldarrikatu zuten krisitik ateratzeko «beste bideak» badaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.