Bertsolaritza

"Serio jolasteko proposamena" egingo du Bertso Egunak larunbatean

Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus daude arratsaldeko saioan Kursaalean ariko diren hamabi bertsolarien artean.

Donostiako Bertso Eguna, 2014. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko urtarrilaren 27a
17:10
Entzun

Oholtza gainean hamabi aulki izango dira, ezberdin kokatuta eta kolore ezberdinetakoak denak, Bertso Egunaren aurtengo ekitaldi nagusiko saioan, larunbatean, hilak 31, 18:00etan, Kursaalean. Aulki horiek jolaserako gonbita izango dira saioan ariko diren hamabi bertsolarientzat. "Serio jolasteko proposamena" planteatuko zaie, Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko ordezkariak azaldu duenez. Jolas eginez bertsotan egitea eskatuko baitzaie funtsean. "Ez espero bestelako espektakulurik, bertso saio bat izango da". Jolastu nahi? izenburua jarri diote saioari.

Honako hauek dira parte hartuko duten hamabi bertsolariak: Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus. Punta-puntako bertsolariak, beraz, gazte ez horren ezagunekin batera.

Ohi bezala, arratsaldeko saio nagusiaz gain, beste bi bertso saio ere eskainiko ditu Bertso Egunak. Lehenik, eguerdiko saioan, beste bederatzi bertsolari ariko dira, aire zabalean, Donostiako hiru gunetan, 12:00etan hasita: Amaia Agirre, Iñaki Zelaia, Eneko Fernandez, Arrate Illaro, Xabi Igoa, Nahikari Gabilondo, Ander Elortegi, Unai Gaztelumendi eta Maddalen Arzallus. Lehenik, Bretxako merkatuaren atarian ariko dira; Konstituzio plazan gero; eta azkenik Ikatz kalean. Gauean, berriz, afaria eta festa izango da Manteo kiroldegian. Bat-bateko saioetan ariko dira bost bertsolari: Jone Uria, Beñat Gaztelumendi, Xebastian Lizaso, Irati Anda eta Fredi Paya. Ondoren, Bat-batean ikuskizuna eskainiko du Oskar Estangak hainbat musikariren laguntzaz.

Arratsaldeko saiorako nahiz afarirako sarrerak Bertsosarrerak.eus helbidean eskura daitezke, eta aurretik denak saltzen ez badira, Kursaalean jarriko dira salgai falta direnak, larunbatean, 16:00etatik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.