Rock-and-rolla tximinoarena egitea da? Zer da lehenago tximinoa, gizakia ala gitarra? Galdera horiek eta beste asko sorrarazten ditu Elorrioko Sermond's taldearen Amaiera hasieran dator diskoak. Mauka diskoetxe sortu berriak argitaratu du. Kolore gorridun jantzia eta tximino aurpegia duen gizonak betetzen du azaleko irudia, gitarra esku bakarrean hartuta duela. Barruan, rock eskandinaviar kutsuko hamar kantu. Elorrioko gaztetxean egingo dute aurkezpena gaur gauean.
«High energy-ren eragin handia daukagu, baina musikalki zabalik aritzen gara kantuak egitean», dio Koldo baxu jotzaileak. Hainbat talde zainetan daramatzate uneoro: Ramones, Hellacopters zein Turbonegro, kasu.Lehenago Dirties, Arto Bixarra, Midnihgt Murders edota Perros del Diablo taldeetan ibili baziren ere,2008an elkartu eta Sermond's berpiztea erabaki zuten. 2004an sortua zen taldea, baina ez zen sendotu lau urte geroago arte. Egun, Koldok, Moinek (gitarra eta ahotsa), Tximistek (bateria), Bizioushek (gitarra eta ahotsa) eta Gotzek (ahotsa) osatzen dute boskotea.
«Musikaren bidez komunikatzea da gure xedea, eta euskara eta ingelesa erabiltzen ditugu horretarako, abestiak eskatzen digunaren arabera». Elorrioko gaztetxeak 23. urteurrena ospatzeko lau kontzertu antolatu ditu gaur 20:30etik aurrera, eta bertan izango da Sermond's. «Benetan pozgarria zaigu diskoa etxean aurkeztea».
Rock gogorra eta zikina
Rat-Zinger izena du Bilbon sortu den punk-rock gogorreko talde berriak. «Rock-and-roll makarra da gurea», dio Podrido abeslariak. Taldearen lehen diskoa ere Maukak kaleratu du. «Jende askok kantatzen du maitasunaz. Guk haserretik kantatzea hautatu dugu», Podridok dioenez. Diskoko hamabi abesti gaztelaniaz dira, baina azkena euskaraz egin dute, Beñat Sarasolaren Plazara olerkia moldatuz eta Fermin Muguruzaren partaidetzarekin. Lemoako gaztetxean joko du gaur.
Sermond's eta Rat-Zingerren diskoak atera ditu estreinakoz Maukak
Bi taldeok Elorrio eta Lemoako gaztetxeetan aurkeztuko dituzte lan berriak, gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu