"Bedatsaren pare loratu zaigu proiektua, letratik ahotsera eta musikara eta irudira; Shakespeare euskaraz arnasberritu da, eta euskara Shakespearez". Halaxe esan du Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedraren zuzendariak. Bide bera hartu du EHUko euskara errektoreorde Jon Zaratek, eta itzulpengintzaren "mugarritzat" jo du lana.
Hogei bat urte eman ditu Juan Garzia itzultzaileak Shakespeareren ondarea itzultzen eta orrazten. Azken bi urteotan, gainera, egitasmoari beste buelta bat eman, eta arlo askotariko artistak lotu ditu. Hala, liburu soila izateko pentsatu zuena irudiz eta musikaz jositako alea da azkenean. Joxan Goikoetxea arduratu da musika arloaz, eta Koldobika Jauregi diseinuaz eta irudiztapenaz.
Kateari beste begi bat lotzeko, lan honen harira Shakespeareren inguruko emanaldi disziplina askotarikoa eskainiko dute martxoaren 29an, Donostiako Victoria Eugenian.