donostia2016

Shakespeareren 'Uda-gau bateko ametsa' emango dute hilabetez 2016ko udan Donostian

DSS2016EUk ekoitzia, euskaraz, gaztelaniaz eta ingeles modernoz emango dute. Juan Garzia Garmendia arduratuko da euskarazko itzulpenaz eta Patxo Telleria gidoiaren egokitzapenaz.

Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrenean egingo dituzte emanaldiak. BERRIA
Juan Luis Zabala
2014ko irailaren 29a
18:02
Entzun

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzako Ahotsaren Itsasargiaren programazioaren baitan, William Shakespeareren Uda-gau bateko ametsa antzerki lana (A Midsummer Night’s Dream jatorrizko bertsioan) estreinatuko dute Donostiako hainbat antzerki eta dantza taldek hiriko Cristina Enea parkean 2016ko ekainaren 21ean, Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrena iragan berri dela, eta gero lau astez jarraian egunero emanaldi bat eskainiko dute gutxienez, haietako bakoitzean gehienez 300 ikusle bilduta. Litekeena da ondoren Euskal Herriko beste hiri batzuetako hainbat parketara ere zabaltzea emanaldiak. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingeles modernoz egingo dira antzezpenak. Aktore, musikari, dantzari eta akrobatak ez ezik, sukaldariak ere izango dira parte hartzaile nagusien artean. Ikusleek —sarrera ordainduta— Teseo eta Hipolitaren —obrako pertsonaia nagusien— arteko ezteietako gonbidatu gisa hartuko dute parte, parkeko gune batetik bestera mugituz une dramatikoaren arabera.

Shakespeareren antzerki lanaren itzulpenaz Juan Garzia Garmendia itzultzaile eta idazlea arduratuko da, eta itzulpen horretatik abiatuta Patxo Telleria aktore eta zinema nahiz antzerki zuzendariak egingo du gidoiaren egokitzapen lana. Garziak egina du dagoeneko itzulpenaren lehen zirriborroa, baina, itzulpen hori "partekatu, gizarteratu, eztabaidatu eta, azken buruan, aberasteko", Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza proiektuarekin lankidetzan, hainbat jarduera antolatu ditu, Shakespeareren 'Ametsa’ biziarazten egitasmoaren baitan: Itzultzailea sukaldean ekimeneko bi saio (lehena bihar, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean, 17:00etan, EHUren Gasteizko campuseko Letren Fakultatean; bigarrena urriaren 30ean, 17:30ean, Donostiako Antigua auzoko Lugaritz kultur etxean, ); Shakespeareren euskarazko itzulpenei buruzko mahai-inguru bat (azaroaren 20an, 19:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan); Uda-gau bateko ametsa-ren ingelesezko eta gaztelaniazko bertsioei buruzko solasaldi bat (azaroaren 27an, 19:00etan, Donostia 2016 Gunean); eta, azkenik, testu amaituaren sareratzea EIZIEren webgunean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.