Sheepek du azken nota

Baionako Etiopikoak antzerki, erakusketa eta kontzertu artean murgilduko dira gaurtik hasi eta aste osoan

Archie Sheep saxo jotzaile estatubatuarra. MONETTE BERTHOMIER.
Erredakzioa
Baiona
2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Archie Shepp (1937) AEBetako saxofoi jotzailea John Coltraneren A Love Supreme diskoan parte hartu zuelako da bereziki ezagun, baita New York Contemporary Five taldeko kide gisa egin lanagatik 60eko hamarkadako hasieran. Afroamerikarrek bizi injustiziei egin salaketek jositako jazz librean murgildu musika zuen garai hartan berea. Klarinetea, pianoa eta baita ahotsa ere instrumentu dituela, obra ezagunetako bat du Revolution(Mama Rose), esklabo izan zuen amatxiri idatzi olerkia, 1966an.

Etiopikoak jaialdiaren azken notak ekarriko ditu artistak, heldu den ostegunean 21:00etan Baionako antzokian. Ahotsean BeƱat Axiari izanen du lagun, artista izateaz gain, Etiopikoak jaialdiaren motorra dena hain zuzen.Julen Axiari eta Thierry Faropa perkusioetan ariko dira, baterian Ramon Lopez, Philippe de Ezkurra akordeoian eta Kongoko Chrysogone Diangouaya dantzan. Aitzin, Le Boson Septet jazz taldea eta L'ecume des jours dantzariak ariko dira.

Etiopikoak jaialdiak, antzerki, kontzertu, irakurketa eta beste hainbat hitzorduz betetako astea proposatzen du gaurtik hasita.

Gaurkoari dagokionez, Patxi Lazkaraik pastoraletan eta fabrika abandonatuetan hartu argazkiak, Michel Amade zizelkariaren instalazioekin elkarrizketan jarriko dituzte Bonnat museoaren Carre aretoan. 18:00etan finkatua dute estreina. Aturriko burdinolen historiari ere interesatzen da erakusketa.

Kontzertuen aldetik, gauero izanen dira, baita apartamentuetan ere. Horietako bat, Lormand karrikako 3. zenbakian iraganen da, Sevanen etxean. Jean-Christian Galtxetaburu akordeoi jolea eta David Holmes bateria jolea aritzekoak dira asteartean 21:00etan. Parte hartzeko, hobe izenak aitzinetik ematea. Gaualdi berean Bengalifere hirukotea ariko da, Lormand karrikan, baina 12. zenbakian. Julen Axiari kantari, Matthieu Lebrun perkusioetan eta Jordi Cassagne kontrabaxu jotzaileak elkartzen ditu hirukoteak. Baina badira beste hitzordu anitz ere, www.ethiopiques.fr webgunean aurkitu daitezkeenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.