Musika

Siete C, Beste Urtaroak, Indian Feathers, Lemy River, Convoi eta Idoia Asurmendi dira Kutxa Kultur Musikaren egonaldietarako hautatuak

2020. urtean, egonaldia egingo dute Kutxak Donostiako Tabakaleran dituen lokaletan. Aurten, 116 proposamen aurkeztu dira deialdira.

Egonaldietan parte hartuko duten musikariak. KUTXA KULTUR MUSIKA
mikel lizarralde
2019ko azaroaren 22a
23:52
Entzun

Gipuzkoako musika talde eta bakarlariei prestakuntza eta baliabideak ematea du helburu nagusia Kutxa Kultur Musika egitasmoak, eta azkeneko urteetan hainbat proiektuk izan dute aukera urtebetez Tabakalerako egoitzan lan egiteko, prestakuntza tekniko nahiz artistikoa jasotzeko, bai eta kontzertu batzuk emateko ere.

Aurten 116 proposamen aurkeztu dira deialdira, eta horien artean sei aukeratu ditu Pablo Rodriguezek (BMG), Iker Barbarak (Zarata-Mondosonoro aldizkaria), Ekain Perezek (EITB Musika), Sebastian Salaberrik (Dabadaba) eta Beatriz Concepcionek (Oso Poplita-Last Tour) osatutako epaimahaiak.

Honako sei proposamen hauek aukeratu dituzte:

Siete C

2011n Familia diskoa argitaratu zuten, modu independentean. Hainbat kontzertu eta urtebeteko atsedenaldia egin ondoren, 2014an Jóvenes en celo izeneko EPa argitaratu zuten, soinu bizi eta elektriko gehiagorekin. 2015ean, taldekide berriak sartu ziren, eta horren emaitza dira 2016ko Buenos Vivientes eta 2018ko Gen nómada EPak.

[youtube]https://youtu.be/dq-qtY4xVZ4[/youtube]

Beste Urtaroak

Iker Laurobak, Leire Letuk, Olaia Inziartek, Urbil Artolak eta Llillena Susselek osatzen dute Beste Urtaroak. Laurobaren orain arteko diskoetako abestiak hartu, eta folk esparrura eraman dituzte, horretarako hainbat instrumentu erabilita: gitarra, pianoa, lap-steela, ukelelea, banjoa, cavaquinhoa... Beste herrialdeetako instrumentuak euskal kulturan txertatzeko asmo dute.

Indian Feathers

Indian Featherseko kideek unibertsitatean ezagutu zuten elkar, eta 2014an debutatu zuten, Fun ingelesez abestuz. Gero, gaztelaniara jo zuten (45 Noches, Líneas Tangentes). Areto, taberna eta gaztetxeetan, Fnac-en, Kutxa Kultur-en eta beste leku askotan jo dute, bai akustikoan eta bai elektrikoan. Etiketei dagokienez, indie-punk gisa definitzen du bere burua taldeak, baina gogokoen rocka dute haren aldaera askotan: rock-and-rolla, garagea, post-punka edo, stoner-a.

Lemy River

Lemy River, Peachy Joke taldeko lider eta konpositore izan zena, Bartzelona utzi eta bere taldekideekin Euskal Herrira itzuli da musika proiektu berri eta bestelako batekin. Hainbat estilotan mugitzen da. Popa, psikodelia eta elektronika uztartzen ditu. Baina Lemyk dio ez daukala norabide argirik, abesti bakoitza norbanako berri bat dela, eta nahi duen bezala janzten duela. Laster EP bat argitaratzekoa da.

Convoi

Convoi bi musika zale amorratuk sortua da, eta 2020an argitaratzeko asmoa duten mixtape-a osatuko duten abestiak konposatu, ekoitzi, grabatu, nahastu eta masterizatu berri dituzte. Polaroid post-punk taldearen parte izan ziren lehen, baina etapa berri honetan, atzean utzi dute giro ilunen soinu bereizgarri hori, eta kolore gehiagoko abestiak egin dituzte, elementu elektronikoak lagun dituztela.

Idoia Asurmendi

Idoia Asurmendiri musikarekiko zaletasuna familia girotik datorkio, eta txikitatik hasi zen etxeko musika instrumentuekin esperimentatzen. Aisialdia ere horretan eman du urte luzez, abesbatzetan parte hartuz eta piano ikasketak burutuz. Bestalde, aurten hasi ditu Musikako ikasketak pedagogiako espezialitatean Musikenen. Duela urte batzuk, inguruko herrietan kontzertuak ematen hasi zen bakarlari gisa. Hasieran, euskal abestien zein kanpoko pop-rock eta soul estiloko abestien bertsioak egiten zituen bakarrik, baina orain kantuak ere konposatzen ditu.

[youtube]https://youtu.be/fb5FGTM9joM[/youtube]

 

Kutxa Kultur Musika 2020 egoitza programan hautaturiko sei taldeek lankidetza-hitzarmena egingo dute Kutxa Fundazioarekin, eta bertan egonaldia eskainiko zaie.

Lehenik, bilerak egingo dira taldeekin bakoitzaren premiak detektatzeko eta honela, beraien proposamen artistikoaren arabera, beren proiektua garatuko dute komunikazioan: zuzenekoak, diskografia-banaketa, press kit-ak egitea, hedabideentzako aurkezpenak... eta taldeekin adosturiko estrategia ezarriko da egutegi eta guzti. Aukera eskainiko zaie entseguetarako lokala izan dezaten ere, hautaturiko taldeetako beste batekin partekatua, Kutxa Fundazioaren guneetan Tabakalerako laugarren solairuan.

Egonaldian, prestakuntza emango zaie detektaturiko premien arabera: musika ekoizpen, autoedizio, taldearen bideragarritasun plan edo sare sozialetako komunikazioari buruzko prestakuntza. Halaber, hainbat kantu grabatzeko aukera ere eskainiko zaie kanpoko estudio profesional batean, edo bideoklip profesionala egiteko aukera.

Kutxa Kultur Plazan kontzertua programatuko dute urteko lehen hiruhilekoan, Tabakalerako laugarren solairuan, eta, ondoren, gutxienez beste hiru ekitaldi programatuko dituzte Katapulta Tour programaren barruan. Hori Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaturiko programa da. Sei emanaldi horiengatik, taldeek 2.400 euro jasoko dute ordainsari.

2020. urtean bideo dokumental bat grabatuko da egonaldiari buruz, eta sare sozialetan eta beste plataforma batzuetan taldea aurkeztu eta sustatzeko erabiliko da.

Hautaturiko taldeek, gainera, aholkularitza profesionala izango dute, besteak beste, honako helburu hauekin: egoiliarren informazioa bidaltzea aldizkari digital, telebista, diskoetxe, programatzaile eta jaialdietara; lege aholkularitza eskaintzea kontratazioaz; argibideak ematea jaialdi, hedabide eta programatzaileekin harremanetan jartzeko; eta sare sozialetako komunikazioari buruzko aholkularitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.