DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Sigourney Weaverrek jasoko du Donostia saria

A Monster Calls filmeko protagonista da Weaver.

Sigourney Weaver. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
2016ko uztailaren 19a
18:25
Entzun

Donostiako 64. Zinemaldiaren Donostia saria jasoko du aktoreak, eta A Monster Calls lehiaketaz kanpo ariko da Sail Ofizialean. Irailaren 21ean jasoko du saria, Kursaal jauregian; hala, ibilbidea aitortuko diote Ameriketako Estatu Batuetako aktoreari: "Haren izena azken lau hamarkadetako ekoizpen lanik garrantzitsuenetan ageri da, Ridley Scott, Peter Weir, James Cameron, Mike Nichols, Roman Polanski, Ang Lee, David Fincher eta tankerako zinemagileek zuzenduta".

Donostia saria jasota, hirugarrenez bisitatuko du Sigourney Weaverrek Zinemaldia, Alien (1979) eta A Map of The World (1999) aurkeztu ondoren. Aurten, Donostia sariak 30 urte beteko ditu, eta hogeigarren aldia izango da emakumezko aktore batek saria jasotzen duena.

Oscar sarietarako izendapenak jasotakoa eta Urrezko Globoa irabazitakoa da Weaver. Pertsonaia gogoangarri askori eman die bizia; esaterako, Alien filmeko Ripley tenienteari eta Gorillas in The Mist filmeko Dian Fossey zoologoari.

New Yorken jaio zen Weaver. Stanfordeko Unibertsitatean graduatu eta gero, master bat egin zuen Yaleko drama eskolan. Ordezko gisa egin zuen bere lehen lan profesionala; hain zuzen ere, sir John Gielgud-ek zuzendutako The Constant Wife antzezlanean, Ingrid Bergman zela antzezle nagusi.

Weaverrek Ridley Scott zuzendariaren Alien film arrakastatsuaren bidez egin zuen debuta zineman. Gerora, berriz bete zuen Ripley tenientearen rola, James Cameronek zuzendutako Aliens sekuelan. Lan horri esker, Oscarretarako eta Urrezko Globoen emakumezko aktore onenaren sarirako izendapenak lortu zituen Weaverrek. Hirugarrenez ere hezurmamitu zuen Ripley, David Fincherrek zuzendu eta Weaverrek berak ekoiztutako Aliens3 filmean, bai eta laugarrenez ere, Jean-Pierre Jeunet zuzendariaren Alien Resurrection produkzioan.

Alien egin eta gero, hiru film arrakastatsu protagonizatu zituen Weaverrek: Gorillas in The Mist, Dian Fossey primatologoaren rola betez; Mike Nicholsen Working Girl komedia; eta Ghostbusters II. Weaverrek Oscarretarako bere bigarren eta hirugarren izendapenak lortu zituen, eta Urrezko Globo bana irabazi zuen Gorillas in The Mist eta Working Girl filmetako paperengatik. Haren beste film batzuk: Copycat thrillerra; Paul Rudnicken Jeffrey komedia; Roman Polanskik zuzendutako Death and The Maiden antzezlanaren film moldaketa; Half Moon Street, Michael Caine aktorearekin; Ridley Scotten 1492; One Woman or Two, Gerard Depardieurekin eta Eyewitness.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.