Igorren (Bizkaia) jaio zen Silbestre Elezkano 'Txilibrin' 1912ko abuztuaren 15ean, 10 urte zituela lotu zitzaion alboka ikasteari. Ordutik beti izan zuen bide lagun.
15 bat urte zituela hasi zenerromerietan-eta jotzen. Hala ere, hasiera hartan, dantzari gisa zen ezagunagoa Txilibrin alboka jotzeagatik baino. Dantza suelto txapelketa asko irabazi zituen gaztetan.
Dena den, alboka maite zuen; alboka eta euskal herri musika. Hain zuzen ere, horiek mundu osoan zabaltzen eman zuen denbora asko. 40eko hamarkadan Dindirri eta Beti Alai taldeak sortu ziren, eta haiekin batera, Euskal Herri guztira, Kataluniara eta Espainiara helarazi zituen alboka doinuak Txilibrinek.
Frantziara, Italiara, Latinoamerikako hainbat herrialdetara, AEBetara zein Kanadara joateko parada izan zuen hortik aurrera, beste albokari eta trikitilari batzuekin, zein Beti Jai Alai taldearekin edo Olaeta ballet entzutetsuarekin, kasu. Japonian zabaltzeko disko bat ere grabatu zuen. Era berean, euskal musikari ezagun askorekin jo izan zuen, hala nola, Pello eta Pantxoarekin, Jose Antonio Urbeltzekin, Txomin Artolarekin eta Kepa Junkerarekin.
Alboka eta trikiti lehiaketa askotan jaun eta jabe izan zen. Disko askotan geratu dira grabatuta Txilibrinen doinuak.
Musika
Silbestre Elezkano `Txilibrin' albokari handia hil da
91 urte betetzear zela hil da Silbestre Elezkano `Txilibrin' albokari handia. Albokari bikaina izateaz gainera, euskal herri musika ondo ezagutzen zuen, eta mundu osoan zabaldu zituen gure doinuak. Besteak beste, Dindirri, Beti Alai eta Beti Jai Alai taldeetako kidea izan zen. Halaber, Pello eta Pantxoarekin, Olaeta baletarekin zein Kepa Junkerarekin jo izan zuen. Ikastolen eta euskal kulturaren aldeko hainbat jaialditan parte hartu zuen frankismoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu