'Sinde legea'-k De la Iglesiaren dimisioa ekarri du

Legea berriro hutsetik aztertu eta adostu behar zela uste du Espainiako Zinema Akademiako zuzendariak

Agentziak
Madril
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Ezusteko albistea eragin du Sinde legea aurerra ateratzeko PSOEk, PPk eta CiUk Espainiako Senatuan lorturiko akordioak. Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarrak atzo adierazi zuen Espainiako Zinema Akademiako zuzendari kargua utzi egingo duela, legearekin ados ez dagoelako. Akordio horri esker Ekonomia Iraunkorraren Legea onartu egingo du Senatuak. De la Iglesiak El País egunkariko edizio digitalean jakinarazi zuen Espainiako Zinemaren Goya sariak banatu ondoren (otsailaren 13an) bere kargua utziko duela. Akordioarekin ados ez dagoela adierazi zuen atzo, «inor konbentzitzen ez duen lege bat adostu dutelako».

De la Iglesiaren hitzetan, legea «berriro hutsetik» aztertu eta adostu behar da, «inoiz ez duelako izan herritarren babesa». PPri egotzi dio akordioaren ardura nagusia: «Berez lokazturik zegoen kontu bat gehiago lokaztu du».

Abenduan Espainiako Kongresuak legea atzera bota zuen, eta bitartekari lanak egiteko ardura hartu zuen zinemagileak. Duela aste batzuk zinemaren industriako jendearekin eta Internet zaleekin bildu zen, pirateriaren inguruan batzuek eta besteek dituzten jarrerak gerturatu nahian. Aurreko larunbatean jada iragarri zuen gero gerta zitekeena: «Bitartekari bat naiz, eta tartean gaudenok jasotzen ditugu beti zaplaztekoak».

Goya sarien ekitaldira arte bere karguan jarraituko duela—sari garrantzitsuenak eskuratzeko hautagai da Balada triste de trompeta filmarekin— eta kargua utzi eta gero Interneteko deskargen inguruan «eztabaidatzen» jarraituko duela adierazi du: «Akademiako kide izaten jarraituko dut, eztabaidatuko dut, eta hanka sartuko dut, beti bezala, baina zinema zuzendari modura horixe da nire egitekoa».

Angeles Gonzalez Sinde Espainiako Gobernuko Kultura ministroak publikoki eskatu dio De la Iglesiari bere erabakia berriro pentsa dezan. Akademiak Dela Iglesiaren «beharra» daukala nabarmendu du Gonzalez Sindek.

Sinde legea aurrera ateratzeko lortutako akordioaren aurka agertu ziren, halaber, ERC eta IU. ERC eta IUren ustez, «adabaki» bat baino ez da beste hiru alderdiek lorturiko akordioa, eta zuzenketa bateratu bat aurkeztu dute Senatuan, legeak ez sortzaileak eta ezta internautak ere asetuko ez dituela iritzita. IUko koordinatzaile nagusi Cayo Larak adierazi zuen PPk eta PSOEk «diskoetxe multinazionalen aldeko apustua» egin dutela: «Ekonomia Iraunkorraren Legeak ez die mesede egingo sortzaileei, negozioa egiten dutenei baizik».

Koalizio Kanariarreko senatari Narvay Quinterok ere arbuiatu egin zuen PSOEK, PPk eta CiUk lorturiko akordioa, «musikaren eta zinemaren multinazional handiei bakarrik egiten die mesede», argudiatuz. ICV Kataluniako alderdia ere antzeko moldetan mintzatu zen atzo, akordioa «presaka» eta «kontsentsurik gabe» lortu dela esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.