Kritika. Musika

Sinfonismoaren zuzia eta Mozarten grazia

2024ko maiatzaren 7a
05:05
Entzun

euskadiko orkestra

Zuzendaria: Marie Jacquot. Pianoa: Markus Schirmer. Egitaraua: W. A. Mozarten Piano eta orkestrarako 20. kontzertua, K466 eta A. Brucknerren 7. sinfonia, Lirikoa. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzaren 3a.

Azken bost urteotan, kritikari lanetan nabilenetik, behin baino gehiagotan entzun ahal izan ditut Euskadiko Orkestrak aurkeztutako azken programa osatzen zuten bi obrak, guztietan zuzendari, bakarlari eta musikari desberdinekin, eta inoiz ez biak elkarrekin. Zorionez, oraindik ez da iritsi programak errepikakorrak izateaz gain nekagarriak ere bihurtu diren unea, baina, bestalde, ia saihetsezina da kontzertu honen balorazioa konparazioz kutsatuta egotea, gutxienez hein batean.

Jakina da W. A. Mozart jeinu goiztiarra izan zela, baita enkarguak azken momenturako uzteko joera zuela ere. Hori izan zen, besteak beste, Pianorako 20. kontzertua-ren kasua, estreinatu aurreko egunean amaitu baitzuen idazten. Partituran ezkutuan daude Mozarten obran ohikoak diren zeinu jostalari eta nonbait xaloen dirdaia, eta erromantikoek bereziki estimatuko zituzten elementuak ageri dira han eta hemen, re minor tonalitateak lagunduta. Esan daiteke Schirmer guztiz sartu zela izaera ilun samar horretan, lehen mugimenduan kadentzia amaigabe eta sentikorra garatuz, baina rondoaren joan-etorrietan norabide argia seinalatuz.

Bigarren zatia Anton Brucknerren obra handienetako batek osatzen zuen, ordubeteko iraupena duen 7. sinfonia, une liriko ederrak zein handitasunaren distira biltzen dituena, horiek bilatzeko gogoa eta aurkitzeko zortea dituenarentzat, behintzat. Marie Jacquoten batuta ziurraren aztarnak argiagoak izan ziren musika eskerga honen gidaritzan: hariak trinko eta soinu mamitsuaz aritu ziren, zurezko haizeak doitasun eta fintasun nabarmenaz. Dena den, metalen sekzioak arazoak izan zituen berriro ere forte-ak neurtzen: zein zentzu dauka berealdiko tutti batean soilik tronpetaren soinu ia urratua entzutea? Orkestra barruan ezinbestekoa eta guztion onerako da ondokoen zein urrutikoen tokia hartu nahi ez izatea.

Dena den, eta sinfonismo handiaren zale banaiz ere, Schirmerrek eskainitako Ogia gurinarekin bis motza soinean eramango dut denbora luzez, Mozarten alderdi barregarriaren lorratza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.