Artea

Sistiaga, Revuelta eta La Taller-entzat dira Gure Artea sariak

18.000 euro jasoko ditu bakoitzak, eta urriaren 5ean egingo da sari banaketa, Gasteizko Artium museoan.

Jose Atonio Sistiaga artista, Donostian Gaur taldeari eskainitako atzera begirako erakusketan. ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2016ko irailaren 8a
12:13
Entzun

“Euskal Herrian daukagun mundu artistiko bizi eta aberatsa izango ez bagenu, askoz ere gizarte mugatuagoa eta tristeagoa izango genuke, zerbaiten faltan egongo ginateke”. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kirol, Gazteria eta Kultura sailburuordeak hitz horiekin nabarmendu du arte garaikideak duen garrantzia, eta, azaldu duenez, garrantzi hori aitortzea da hain zuzen ere Gure Artea Sarien helburua. Gaur aurkeztu dituzte aurtengo hiru sarituak Bilbon. Jose Antonio Sistiagari eman diote ibilbide artistikoari dagokion saria; Mabi Revuelta artista bilbotarrak jasoko du sorkuntza lanari dagokiona, eta Maite Martinez Arenazak gidatzen duen La Taller proiektuari emango diote ikusizko arteen agenteei dagokiona. 18.000 euroko saria jasoko du bakoitzak, eta urriaren 5ean egingo dute sari banaketa ofiziala Gasteizen.

Izen handia da euskal arteean Sistiagarena (Donostia, 1932). Gaur taldeko kide izan zen, eta gerra osteko arte berrikuntzaren motor nagusietariko bat izan zen Oteiza, Txillida, Basterretxea, Mendiburu, Balerdi eta beste hainbat eragilerekin batera. Pintura izan du diziplina nagusia beti, baina zinema esperimentalean mugarri izan zen 70eko hamarkadan sortutako ...ere erera baleibu izik subua aruaren... filma. Zeluloidea margotuz sortu zuen pieza hori, eta nazioartean erreferente bilakatu zuen lan horrek. Horrez gainera, Sistiagak pedagogia artistikoan egindako lana ere azpimarratu du epaimahaiak, izan ere, aitzindari izan zen arte irakaskuntzan. Esther Ferrer artistarekin batera Ostegunetako Akademia izenekoak sortu zituen 1963an, eta Elorrion ere hezkuntza kooperatiba bat sortu zuten Freinet-en metodoak praktikan jarriz. Gaur egun lanean jarraitzen du artistak, gainera, eta azken aldian hainbat erakusketa eskaini zaizkio Euskal Herrian. Haren margolanak bildu zituzten Oteiza museoan, esaterako, eta Gaur taldeari Donostian eskainitako erakusketan ere ikusi ahal izan ziren bere lanak.

Diziplina artekotasuna

Erakusketa zabala izan zuen iaz Gasteizko Artium museoan Mabi Revuelta artistak ere (1967, Bilbo). Bi hamarkadako ibilbidea du sortzaileak, eta izen ezaguna da euskal artearen munduan. Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen arte ikasketak, eta lizentziatu zenetik uztartu egin ditu bere jardun artistikoa eta pedagogikoa. Diziplina artekotasun handikoak dira bere lanak, eta ABECEDA proiektua aipatu dute adibide modura epaimahaiko kideek. Diseinua, tipografia, dantza eta argazkiak uztartu zituen proiektu hartan Revueltak, eta 2009an aurkeztu zuen Bilboko Arriaga antzokian ikerketa haren guztiaren emaitza izan zen balleta. Nazioarteko azoka eta erakusketetan presentzia izaten du sortzaileak, eta epaimahaiko kideek azaldu dutenez, bere sorkuntza ibilbidearen momentu “indartsuan” dago egun.

Proiektu hibrido bat da Maite Martinez Arenazak gidatutako La Taller proiektua ere. Erdiz da grabatuak egiteko lantegi, eta erdiz erakusketa areto. Bilboko Solokoetxe auzoan du egoitza, baina bertan egoteaz gainera, bertan eragiten duelako saritu du epaimahaiak. Izan ere, estua da La Taller proiektuak inguruarekin duen harremana, eta handia da arte garaikidearen zabalkundea bultzatzeko egiten duen lana. Auzoa “elektrifikatu” egiten duela azaldu du epaimahaiak. Azaldu dutenez, zubi lana egiten du artearen mundutik kanpo dagoen jendearekin Arenazaren proiektuak, eta hori ere saritu nahi izan dute.

Bost kide izan ditu epaimahaiak: Peio Agirre arte kritikaria, Abigail Lazkoz Saez artista, Elena Aitzkoa Reinosa artista, Koldo Almandoz zinemagile eta kazetaria, eta Lucia Agirre Lopez Guggenheim museoko komisarioa. Gaur Bilbon izan diren kideek aitortu dutenez, zaila egin zaie hautaketa, eta 16 hautagai izan dituzte mahai gainean. Azken hiruak kontsentsuz onartu dituztela azaldu dute, halere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.