Artea

Sistiagaren azken 50 urteetako lanak bildu ditu Oteiza museoak

Gaur aurkeztu dute Sistiaga. Keinuzko pinturatik mugimenduaren artera erakusketa, Alzuzan. Besteak beste, artistaren margolanak, eskuz margotutako filmak eta proiektu pedagogikoak jaso dituzte. Azaroaren 1era arte izango da zabalik. 

Film margotuen irudiak. ANDER PEREZ
Ander Perez Argote
2015eko ekainaren 12a
14:28
Entzun

Ibilbide luze eta emankorreko artista de Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932). Ibilbide horretan, modu eta disziplina askotatik hurbildu zaio arteari. Batik bat, pintura, marrazkigintza eta zinema esperimentalaren arloak jorratu ditu. Orain, azken mende erdian ekoizitako lan garrantzitsuetako batzuk bildu ditu Oteiza Museoak, “Sistiaga. Keinuzko pinturatik mugimenduaren artera” erakusketan. Gaur aurkeztu dute erakusketa Alzuzako (Nafarroa) museoan, eta bertan izan dira artista bera eta komisario lanak egin dituen Jean-Michel Bouhours Parisko Pompidou museoko kontserbadorea.

Sistiagaren prozesu artistikoaren funtsezko hiru esparru jaso ditu erakusketak. Batetik, oihal, papera edo kartoiaren gainean egindako margolanak, 50. hamarkadako koadro “beltzetatik” hasi eta azken urteetan egindako lanetara. Bestetik, eskuz margotutako fotogramak, 1968ko Ere erera baleibu izik subia aruaren filmarekin abiatutako esperimentazioa, eta nazioarteko ospea eman ziona. Azkenik, akaso ezezaguna baino ekarpen handikoa den lan pedagogikoa. Horren baitan, artistak bere seme alabekin praktikan jarritako tailer pedagokiaren berri ematen duen film dokumentala ikusgai dago erakusketan.

Gaur hasi eta azaroaren 1era arte egongo da zabalik erakusketa. Horrekin batera, Sistiagaren inguruko lan monografikoa argitaratu du Oteiza museoak, Bouhours komisarioaren, Jose Julian Bakedano zine historialariaren eta Jaione Apalategi pedagogian doktore eta Oteiza Fundazioaren Patronatuko kidearen testuekin. Gainera, erakusketaren alboko jarduerak ere antolatu ditu museoak. Besteak beste, zine esperimentaleko zikloa egingo dute irailean, Nafarroako Filmotekarekin elkarlanean, azken horren egoitzan. Bestetik, haurrentzako tailerrak eta hezitzaileentzako prestakuntza ikastaroak ere izango dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.