Aurreiritzirik gabe sortu du Skastik Ye diskoa. "Ez genuen etiketa finkorik nahi", azaldu du Mattin Saldias taldeko gitarristak. Izan ere, duela hamar urte taldea sortu zenetik, bilakaera handia izan dute kideek, eta, erreferentziazko musika aldatuz joan den heinean, beraiek ere estilo propioa findu dute. Horregatik, musika dantzagarria sumatu badaiteke ere, ska erritmoak albo batera utzi eta bestelako estiloetan barrena murgildu dira azken lana osatzeko.
Hamahiru abestiz osatutako lan berria Zestoako Gaztain estudioan (Gipuzkoa) grabatu dute, Eñaut Gaztañagarekin batera. "21 proiekturekin joan ginen grabaketara, horietatik hemeretzi lan bukatu genituen, eta hamabost grabatu. Hamahiru kantu dira diskoan jaso ditugunak", azaldu du Saldiasek. Musika estiloan ez ezik, landutako gaietan ere egin dute aldaketa. "Lehenago, gai sozialei heltzen genien, kanpoko kontuez hitz egiten genuen", adierazi du Iker Iñigo abeslariak. "Lan berrian, ordea, geure-geureak diren kontuez ari gara: harreman toxikoez, nomofobiaz...".
Bilakaera propioa duen taldea
Josu Ondarra taldekideak azaldu du taldeak bilakaera izan badu ere jatorrizko izaera mantentzen dutela: "Egia da Skasti taldeak, berez, ez duela gure oraingo izaera azaltzen, baina oso harro gaude garenaz". Horregatik, musika mota berria egin arren, taldearen izena mantentzea deliberatu dute: "Izenaren eta izanaren arteko talka horretatik sortu dira abesti asko".
Edonola, uste dute ikusleek jarraituko dutela taldeaz orain arte bezala gozatzen: "Agian ez gara hain berbeneroak, baina dantza giroa sortuko dugu ziur", azpimarratu du Saldiasek. Taldekieen esanetan, zuzeneko "indartsua" eskainiko dute oholtza gainean: "Hori ere bada Skastiren bereizgarrietako bat. Zuzenekoetan hazi egiten gara". Rock basatia eta erritmo dantzagarriak eramango dituzte kotzertuetara, abestiei bestelako ukitua emanez. Aurkezpen bira abiatuko dute berehala, eta, besteak beste, otsailaren 2an izango dira Gasteizko Kubik aretoan, Ze Esatek taldearekin batera. Otsailaren 22an, berriz, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute kontzertua.