Slavoj Zizek eta Salman Rushdiek zabalduko dute gaur Gutun Zuria jaialdia

Errusiako literatura garaikidea izango da Bilboko literatur egitarauaren ardatzetako bat

Bilbo
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Laugarren urtez, Gutun Zuria letren nazioarteko jaialdia antolatu dute Bilbon. Gaur hasi eta igandera arte, literaturarekin loturiko hainbat ekimen egingo dituzte Alondegian, eta idazle esanguratsuekin solasaldian aritzeko aukera izango dute entzuleek, Salman Rushdierekin, Slavoj Zizekekin eta Catherine Milletekin, adibidez. Helburua; jaialdia idazle eta irakurleak elkarrengana hurbiltzeko lekua eta unea bihurtzea.

Aurten, Egin ezazu nahi duzuna, ezer egiten ez duzun bitartean lelopean, zentsurari, erotismoari, pornografiari, politikari eta utopiari buruzko gogoeta sustatu nahi dute antolatzaileek. Izan ere, Iñaki Esteban jaialdiaren aholkulariaren hitzetan, dena onartuta dagoen itxura ematen duen gizartearen atzean, askatasuna oztopatzen duten arauak daude.

Filosofia hori abiapuntutzat harturik egin zuten antolatzaileek idazleen aukeraketa. Salman Rushdiek New Yorkeko liburutegi publikoaren zuzendaria den Paul Holdengaberrekin egingo du hizketaldia gaur bertan, 20:00etan. Aurretik, 17:30ean, Zizek filosofoak Egoera katastrofikoa da, baina ez serioa hitzaldia emango du.

Catherine Millet, bere esperientzia sexualen inguruan idatzi duen idazle frantsesa, Antonio Altarriba eleberri erotikoen sortzailearekin arituko da berriketan, desira, monogamia eta pornografiaren inguruan.

Aurtengo berrikuntza nagusia herrialde gonbidatuaren atala da. Gure artean gutxi ezagutzen den Errusiako literatura garaikidea izan da aukeratua. Belaunaldi askotako egileen parte hartzea sustatu nahi izan dute; horrela, Vladimir Makanin edo Alexei Varlamov idazleez gain, gazteagoak ere gonbidatu dituzte, belaunaldi berriei laguntzeko helburuarekin. Rosa Ferre jaialdiaren aholkulariaren arabera, Errusiako literaturari eskainitako atal honetan ere, «zentsura amaitu» eta herrialdeko zenbait alderdi landu nahi izan dituzte, memoria historikoa berreskuratzeaedo emakumezko idazleen nagusitasuna, esate baterako. Vladimir Makaninek Txetxeniaren inguruan ere hitz egingo du.

Egitarau zabalagoa

Orain lau urte antolatu zen Gutun Zuria estreinakoz. Lehenengo urtean, gutunak izan ziren jaialdiaren ardatz, eta bigarrenean autobiografia eta biografiak. Iaz, Alondegian lehenbizikoz, idazleen eta irakurleen harremanak estutzeari begirako egitaraua prestatu zuten.

Aurten, solasaldiez eta Errusiako literaturari eskainitako mahai inguruez gain, kontzertuak, proiekzioak eta beste hainbat ekimen izango dira. Larunbatean, adibidez, Rafael Lechowski eta Glac Jazz Band-en rap eta jazz uztarketaz gozatzeko aukera egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.