Literatura

Sobietarren ordez, ustelkeria

Gertaera gazi-gozoz beterik dago Uzbekistanen azken mendeko historia; haren kronikari da Hamid Ismailov idazlea.

2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Persiako Samanid inperioaren parte lehenik, Timurid inperioarena ondoren, Uzbekistan kokaturik dagoen eremua ekialdeko turkic hizkuntzan mintzo ziren nomadek konkistatu zuten XVI. mendearen hasieran. Gerora, XIX. mendean, Errusiako Inperioaren menpeko bihurtu zen, eta 1924an, Sobietar Batasuna sortu berritan, Uzbek Sobietar Errepublika Sozialista bihurtu zen. 1991ko abuztuaren 31n independentzia lortu eta errepublika egitura hartu zuen.

Hamid Ismailoven (Kirgizistan, 1954) Metro liburuan (1991, Lurrazpiko trena) esaten zaigu Sobietar Batasunaren agintaldipean jaio eta hazitako umeentzat Mosku Kremlina zela, eta Kremlin, berriz, bizimodu hobe baterako atea. Ideia horrek bultzatuta, hainbat uzbekistandarrek hartu zuten Errusiarako bidea XX. mendearen erdialdean. Mbobo, istorioko protagonista, ez zen Uzbekistanen jaio; afrikarra eta siberiarra da, hots, inperioaren semea. Mosku, baina, toki hotza da inperioaren bazterretan sortutakoentzat. Beste hainbat etorkinek bezala, Mbobok metroko tuneletan bilatzen du babesa. Metroko tuneletan kidetasuna ez da jatorriaren arabera negoziatzen.

Abdulla Qodiriyk (batzuetan Qadiri idatzia; Taxkent, 1894-1938) ez zuen Moskura joan beharrik izan. Aitzitik, Mosku joan zitzaion etxera bila. Jinlar Bazmi nobelan (2004, Deabruen oturuntza) Ismailovek uzbekistandar letretako izen handienetakoaren bizitza azaltzen digu, haren azken urteei arreta berezia eskainiz. 1937an, liburu bat idaztekoa zela iragarri zuen Qodiriyk. Liburua hain ederra izango zen, ezen bere jarraitzaileek bere lanik ezagunenak, O'tgan kunlar (1922, Joandako egunak) eta Mehrobdan chayon (1929; Eskorpioa aldaretik) nobela historikoak, irakurtzeari utziko zioten. Hura idazten ari zela atxilotu zuen erregimen estalinistak, 1937ko abenduaren 31n. Eskuizkribu guztiak konfiskatu eta erre egin zituzten; nobelako orri bakar bat ere ez zen osorik geratu. Ia urtebete geroago, 1938ko urriaren 4an, Qodiriy fusilatu egin zuten.

Zentsuraz eta jazarpenaz zer edo zer badaki Ismailovek berak. 1992an ihes egin behar izan zuen Taxkent Uzbekistango hiriburuan zuen etxetik. Haren idatziek gobernu ofizialen susmoak piztu zituzten, eta atxilotzeko agindua eman zuten. Uzbekistan jadanik ez da Sobietar Batasunaren parte, baina errepresioak indarrean jarraitzen du. Gaur egun, haren lanak jaioterrian debekaturik daude. Irakurle kopuru handi batera iriste aldera, Jinlar Bazmi zatika argitaratu zuen Facebooken. Horri esker, haren hainbat aberkidek nobela irakurri ahal izan zuten, gobernu zentsura saihestuz.

Ismailov sobietar erregimenaren azken urteetako eta haren osteko bizimoduaren kronikaria dela diote. Haren lanek, hain zuzen, bi epe horien inguruan dihardute. Trenbidea) nobelan (1997), esaterako, Gilas, behin Uzbekistan zeharkatu zuen Zetaren Bidean kokaturik dagoen fikziozko herria, sobietar erregimenaren nondik norakoen paradigma da. Herriak «burdinazko bideari», trenbideari alegia, zor dio bere izatea. Herrigunean dago geltokia, eta alderdiaren bulego nagusiaren funtzioak betetzen ditu, handik kontrolatzen baitu herritarren etorkizuna beren joan-etorrien bidez. Gilas hainbat tokitako jendearen topagune da: armeniarrak, kurduak, pertsiarrak, ukrainarrak, juduak, txetxeniarrak, korearrak, ijitoak, errusiarrak. «Gizateriaren Noeren ontzia» eta, aldi berean, «sobietar inperioaren mikrokosmosa» da herria. Liburuak pertsonaia horietako batzuen istorioak kontatzen digu, besteak beste, Boy izeneko mutiko umezurtzarena. Gerren, deportazio masiboen eta bortxazko kolektibizazioaren ondorioz Sobietar Batasunak eragindako milioika umezurtzen adibide da hura. Estatuak, haurrentzako liburuen zein eskolaren bidez, idealizatu egiten du umezurtzaren irudia. «Umezurtzen aita Stalin zen; aitona, Lenin», esaten digu narratzaileak. Gainerako pertsonaiak bezala, Boy geltokian zain dago. Errusierazko toska hitzak deskribatzen du ondoen beren egoera; itzulpen zehatzik ez du hitzak, baina melankolia eta irrika adierazten ditu aldi berean. Erregimenaren «errusiartze» ahaleginen kontra, Gilasko jendeak bere nortasunari eutsi egiten dio ohituren, sinesmenen eta ametsen bidez. Alderdiaren apparatxiks desegiten duten gertaerez beterik dago nobela.

Egungo Uzbekistani buruz

Denboran gertuago kokaturik dago Doroga k smerti bol'she chem smert' (2012, Bin Laden eta poeta, itzulpenetan). Taxkent utzi eta mendira jotzen du Belgi fikziozko poeta uzbekistandarrak, gidari espiritual sufista baten bila. Nobelak aurrera egin ahala, ohartuko gara Mendebaldearen irudiko terrorista bat dela gidari hori, eta talibanekin borrokan bizia galdu zuela 2001ean. Nobela, hain zuzen, orduan hasten da, Dorre Bikien erasoa gertatzen denean. Belgik Taxkentetik alde egiten duenerako, beraz, gidaria hilda dago. Narratzaileak esaten digu Asia erdialde osoa dagoela telebistari pega-pega eginda erasoaren nondik norakoak jarraitzen. Kabulen batzuek oihu egiten dute, «Hil dadila Amerika! Hil dadila Satanen inperioa! Allah-u-Akbar!». Ondoren, Uzbekistango Karimov presidentearen soslaia eskaintzen zaigu, zeinak «ia 20 urtez boterean» daraman, «oposizio politikoa itotzea» helburu duela. Egungo Uzbekistan diktaduraren eta jihadismoaren artean harrapaturiko herrialdea dela azaltzen digu nobelak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.