Soinuak dakar mamia

'Ausardiaren garaia' hirugarren lana kaleratu du Yakuzik, aurrekoen rock instrumentalaren ildoari segida emanez

Aitor Monje, Anartz Onandia, Gustavo Gallego eta Gorka Molero, Yakuziko lau kideak. YAKUZI.
gorka erostarbe leunda
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Hitzak urri dira Yakuziren musika diskurtsoan. Urri dira, eta apenas duten esanahirik. Nitro, Rotor, Otori, Drakkar... dira Ausardiaren garaia (BonbereneaEkintzak) lan berriko kantuetako batzuen izenburuak; taldekideentzat estetikoki edo fonetikoki erakargarri izateaz gain, ezer gutxi gehiago esaten dutenak. Beste zenbait izenburuk informazio apur bat gehiago dakarte. Izaki ikusezinak (hemen dira) da zortzi kantuetatik hirugarrena, eta Apurtu izenburua du diskoa ixten duen piezak, DJ Amsiak Hummus abestiarekin (diskoko bigarrena) egindako nahasketa elektronikoak.

Hitz jokoa eginez, intro batek ez, Nitro kantuak zabaltzen du diskoa. Bateria erritmo bizi bat, gitarrak sorturiko atmosfera, baxua sendo hurrena, eta melodiarekin batera zarata katarkikoa. Lehenengo pausaldiak eta ahotsa estreinako aldiz, —beste kantu batean bakarrik entzungo da ahotsa—. «Rajoy is on fire… Ansarsutan dago… Fraga ez da inor jada… ta gu pozik gagoz… Rajoy is on fire…Espe sutan dago… Iturgaitz ez da inor jada… ta gu pozik gagoz», dio elektronikaz landuriko Ibon Topo Bilbaoren (Ama Say taldeko kantaria) ahotsak. Izaki ikusezinak kantuan ere Toporen laguntza izan dute ahotsean. Aurrekoak letra zuzen eta umorez zipriztindua badu, poetikoagoa du beste honek: «Azalik gabeko eskuek ez gaituzte inoiz abandonatzen, gure izaeraren altzari dira, etxe eginez barruko hiri ezkutuan… Ikusezinek hutsa ez dela hutsa erakusten dute mina(re)n isladan…». Che Guevararen hitzaldi sanpleatu bat ere entzun liteke kantu horren amaieran.

Hitzei erreparatuz gero, diskoaren izenburuak iradokitzen du mezurik argiena. «Munduak bizi duen momentu honetan ausardia puntu hori beharrezkoa da. Gure inguruan hainbat gauza daude gizakiaren aurka, eta horren aurrean erabili dezakegun estrategia bakarra ausardiatik hasten da. Ausartak izan, eta bakoitzak bere neurrian, borrokatu besterik ez dugu», dio Aitor Monje gitarra jotzaileak. Beraien musikari dagokionez ere ausardia faltarik ez du Elorrioko (Bizkaia) taldearen disko berriak, baina euren ibilbidean ohikoa izan da komertzialtasun irizpideeibegiratzea baino gehiago, senak eskaturikoa egitea. Soinu indartsua, oso indartsua, paisaia instrumental luzeak —kantu gehienak sei minututik gorakoak dira—, intentsitate jolasak, barealdiak eta leherketak, eta soinuarekin emozioetara iristeko ahalmena. Musika instrumentuen indar eta abildade metaketan du indarra Yakuziren musikak. Soinuak dakar mamia.

Plaza publikora agertu zenetik post-rockaren etiketa itsatsi zioten Yakuziri. Taldekideei ez zaie askorik inporta zein musika estilorekin lotzen zaien, baina post-etik baino gehiago rocketik dutela dio Monjek: «Post-rocka definitzea hain da zaila, hain zaku zabala da. Pop kantuen egituretatik apur bat aldenduz gero, post-rocka dela esango dute segituan... Gurea rocka dela esango nuke, eta zehazten hasiz gero, emo-tik dugula gehiago esango nuke, baina hori gutxienekoa da». Low, Slint, Mogwai, Sonic Youth, Lisabö edota Ama Sayren oihartzunak joan etorrian dabiltza diskoan barrena. Gustuko taldeak dituzte. Eragintzat aitortu ez ezik, keinuren bat ere egiten diete.Lanak zortzi kantu ditu, eta DJ Amsiaren pieza 16. kantu modura jarri dute, Ama Sayri egindako keinu modura. Talde horretako Topoz gain, Ibon Rodriguezen (Eten taldeko kidea) kolaborazioa ere izan dute. Tronpetak jo ditu Izaki ikusezinak eta Zoom abestietan.

Beste bi kontzertu

Hot Balneario (2008) diskoa plazaratu ostean —Yakuzi, (2003) eta Ibai lehorretan itota, (2003) dira beste bi lanak— , zenbait kontzertu eskaini eta atseden hartzea erabaki zuten Gustavo Gallegok (baxua), Aitor Monjek (gitarra), Gorka Molerok (gitarra) eta Anartz Onandiak (bateria). Aurreko diskoekin alderatuz,elektronika «gutxiago» sartu dute, konponketa gutxiago egin dituzte, «kantuak horrela atera direlako». Baina , «ordainetan», Zoom eta Otori kantuak ia osorik elektronikoki egindakoak dira.

Iazko urte amaieran diskoa kaleratu zutenetik dozena erdi kontzertu eskaini ditu Yakuzik, eta berriro«atseden dinamiko» bat hartu aurretik, beste bi emango dituzte. Bihar Zarauzko Putzuzulo gaztetxean ariko dira (22:00) eta martxoaren 18an Tolosako Bonberenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.