Soinuak, pareta bat botatzeko

John Cage musika esperimentalaren ikur nagusietako baten jaiotzaren mendeurrena da gaur

John Cage Iruñean izan zen 1972an, Artisten Topaketak jardunaldietan. Z / BESTEAK.
Igor Susaeta.
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Inprobisazioaren bidez sortzen zituen piezak, eta, ondoren, emaitza idazten zuen John Cage konpositore estatubatuarrak (Los Angeles, 1912-New York, 1992). Mutil koskorra zen artean. Musikan estruktura ezinbestekoa zela irakatsi zioten ondorengo urteetan, baina irakaspen horiei jarraiki garai hartan osatu zuen obrak ez zeukan zerikusirik berak kontrapuntuan zeukan interesarekin. Hartu zituen pare bat eskola Arnold Schoenbergekin, eta maisuak jakinarazi zion ez zeukala harmoniarako gaitasunik. «Pareta batekin topo egingo duzu, eta ezin izango duzu hori gainditu», esan zion Schoenbergek. «Hortaz, bizitza osoa pasatuko dut buruarekin pareta horri kolpeak ematen», Cageren erantzuna. Urteekin, baina, pareta hori bota ahal izan zuen. Musika instrumentuei bestelako erabilera bat emanda, era guztietako zaratak, are isiltasuna, aprobetxatuta. Soinua baliatuta, finean. Hala, musika esperimentalaren erreferente nagusietako bat izan zen Cage. Haren jaiotzaren mendeurrena da gaur.

4' 33'' da haren obrarik ezagunena. Pieza horretan pianoaren aurrean esertzen da musikaria, eta ezer jo gabe pasatzen ditu lau minutu eta 33 segundo. David Tudorrek interpretatu zuen, estreinakoz, 1952an, New Yorken. «Ez dute piezaren helburua ulertu. Ez da existitzen isiltasuna deitzen dioten hori. Isiltasuna dela pentsatu dute, ez dakitelako nola aditu. Baina ustekabeko soinuz beteta zegoen», esan zuen Cagek emanaldi haren ondoren. Oraindik ere pieza polemikoa da, eta musikaren beraren definizioari desafio egiten dio, aditu batzuen ustez; esaten da, aldi berean, 4' 33''-k ahalbidetu zuela noise musika estiloaren sorrera. Laurie Anderson musikariari, berriz, pieza hori ez zaio musika iruditzen, «filosofia» baizik.

'I Ching' idatziarekin

1940ko hamarkadaren amaieran hasi zen Cage harmonia tradizionala hautsiko zuten bideak lantzen; Schoenbergek aipatutako pareta txikitzen, alegia. Horren guztiaren emaitza izan zen Concerto for prepared piano (1950-1951), haren beste pieza ezagunenetako bat. Iraupen, dinamika edo melodien taula sistema bat erabili zuen horretarako [eta torlojuak edota azkoinak, esaterako, pianoaren hari artean], eredu geometriko sinpleak hautatuta. 1951tik aurrera egindako musika ausazko prozedurak baliatuta egin zuen. Eta bide hori lantzerakoan berebiziko garrantzia eduki zuen I Ching Txinako antzinako idatziak. Gizona eta izadia sistema soil batean biltzen dituen kosmologia sistema bat da. Horretako, taulak hautatzen zituen Cagek konposatzeko.

Ikusmolde horrexek eraman zuen artearen beste diziplina batzuekin harremana izatera, eta denetan erreferente bihurtu. Poesia eta saiakera idatzi zuen, grabatuak egin zituen, irakaslea izan zen... Betiere polemiko. Gurtua bezala, mespretxatua. Askorentzat, musika garaikideko figura ezinbestekoa. Soinu artearen aintzindarietako bat. Mikel Laboaren ikurretako bat; baita Esther Ferrerrena ere: «Irakatsi zidan mundu honetako zaratak aditzen. Ulertarazi zidan mundu honetan soinu eta zarata batzuk ezin zoragarriagoak direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.