'Soinujolearen semea' antzerki obra estreinatuko dute urriaren 18an, Bilbon

Tanttakak eta Arriaga, Viktoria Eugenia eta Principal antzokiek ekoitzi dute Atxagaren nobelaren egokitzapena

Juan Luis Zabala
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren (Pamiela, 2003)antzerkirako egokitzapenak urriaren 18, 19an, 20 eta 21ean izango du estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian, Fernando Bernuesek zuzenduta eta aktore ezagunen parte hartzearekin: Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Patxo Telleria, Mikel Losada, Asier Hernandez, Mireia Gabilondo… Bilboko Arriaga, Donostiako Viktoria Eugenia eta Gasteizko Principal antzokiek ekoitzi dute antzerki obra, Tanttaka Teatroa konpainiarekin batera, eta Patxo Telleria arduratu da nobelaren argumentua antzerkirako egokitzeaz. Obraren euskarazko emanaldi bat eta gaztelaniazko lau egingo dituzte estreinaldien egunetan.

Horrez gain, Kukai eta Tanttaka konpainiek Arriaga antzokiarekin batera ekoitzitako Komunikazioa-Inkomunikazioa obraren estreinaldia ere ageri da Bilboko antzokiaren 2012-2103ko denboraldiko programazioaren barruan, 2013ko martxoaren 1ean eta 2an. Mikel Laboaren izenburu bereko piezan oinarrututako lana izango da, Jon Maiak sortutako lan koreografiko bati jarraituz Mireia Gabilondok zuzendua.

Arriaga antzokiko 2012-2013ko denboraldiko gainerako emanaldien artean honako hauenak daude, besteak beste: Tricicle,Sara Baras, Isabel Rey, Alejandro Jodorowsky, Olaeta Ballet Elkartea, Joaquin Atxukarro, Goenkale antzerki lana —Jokin Oregik zuzendua—, Ainhoa Arteta, Zenet, Montserrat Caballe, Argia dantza taldea, Mikel Urdangarin, Paco Ibañez, Leiva, Anna Bonitatibus, Leipzigeko Operako Balleta, Ismael Serrano, Wiesbadengo Antzoki Nazionaleko Balleta, Javier Vargas & Raimundo Amador, Ludovico Ensemble, Herbehereetako Ballet Nazionala eta Espainiako Dantza Konpainia Nazionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.