Sokatik askatu ezinik

Agus Perez.
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Konpainia: Lyongo Operako Balleta. Koreografia: Mats Ek. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroaren 20a.

Agus Perez

Soka bati lotuta agertzen da Giselle hasierako eszenan, baina libre bizitzearen grinari eusten dio, temati. Buruan daraman bonetak eta atzean duen naif kutsuko paisaiak aro garaikidean gaudela adierazten digute, orain hiru hamarkada sortu baitzuen Mats Ek-ek Giselle klasikoaren bertsio gaurkotua, Adolphe Adamen musika bera erabiliz eta argumentuaren amaiera aldatuz.

Hain zuzen, suediar koreografoak obra honekin ekin zion ballet klasiko batzuk birmoldatzeari, eta fase hori amaituta, bere benetako bidea garatu zuen, gai propioak landuz eta kemen handiko hizkera koreografikoarekin aztertuz gizakiaren baitako borrokak eta norbanakoek gizartearekin duten tentsioa.

Giselle honetan ere igartzen dira geroan garatuko zituen zantzu ezin pertsonalagoak, batez ere Giselleri emandako tratamenduan, haren figura nortasun handikoa eta zeharo gaurkoa iruditzen zaigulako. Dena den, suediarraren oraingo estiloa leku askotatik agertu da, eta bereziki nabarmena iruditu zaigu Hilarionek bigarren zatian egiten duen solo desesperatuan, baita dantzaren inguruko elementu plastikoen dentsitate psikologikoan ere.

Baina Mats Ek ere soka pare bati lotuta ibili zen lan honen birmoldaketan, eta haietariko lehena da jatorrizko partitura XIX. mendeko ballet estiloko musikaren zorduna dela, hau da, orduko edozein burges asetzeko modukoa. Gainera, argumentua hertsiki lotuta doa konposizioari, eta nik uste dut bigarren soka horrek ere asko baldintzatu zuela koreografoaren emaitza.

Ek-ek, aldiz, erabateko maisutasuna erakutsi zuen indar handiko talde koreografia distiratsuetan, eta, zelan ez, Giselle, Albrecht eta Hilarionen pasarteetan. Gisellerena, berez, rol zailenetariko bat da ballet klasikoan, eta bertsio garaikidean ere hala izan da, baina Caelyn Knightek bizitasunez eta pozez jantzi du bere pertsonaia, eta txoriño bat balitz bezala gainditu ditu zailtasun tekniko guztiak, Albrechten bihotza ez ezik ikusleena ere konkistatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.