Soledad Silva Berastegi (Gasteiz, 1948) doktorea da Artearen Historian. Artearen Historiako irakasle izan zen Nafarroako Unibertsitatean, 1972tik 1988ra. Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitatera (Gasteizko Campusera) joan zen, eta 1990etik aurrera irakasle titular gisa eta 2000tik aurrera katedradun gisa aritu da. Irakasgai hauek ematen ditu: Espainiako Erdi Aroko artearen historia, Antzinako artearen historia II eta Erdi Aroko ikonografia.
Irakasle lanean ez ezik, ikerkuntzan ere badihardu. Erdi Aroko artea ikertzen du, ikuspegi historiko-artistikotik, eta, bereziki, eskultura erromanikoa eta gotikoa eta Erdi Aroko miniatura.
Espainiako eta atzerriko aldizkarietan kolaboratzeaz gain, unibertsitate-erakundeek eta ikerketa-zentroek antolatutako ikastaro, mintegi eta hitzaldietan ere hartzen du parte.
Manuel Lekuona saria 1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak, euskal kulturako pertsonei interes handiko obra osoa (opera omnia) aitortzeko. Aurreko urteetako sarituen artean, honako hauek daude, besteak beste: Jorge Oteiza, Jose Miguel Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes, Carlos Santamaría, José Maria Jimeno Jurío, Eugene Goihenetxe, Micaela Portilla, Elias Amazaga, Menchu Gal, Montxo Armendariz, José Antonio Arana Martija eta Manuel Lekuona bera.
Sarituari Remigio Mendiburu artistak sortutako brontzezko eskultura bat emango diote, oraindik eguna zehaztu gabe duen ekitaldi publiko batean.