Urrutiko jatorri eta musika estilo askotako artistek parte hartu dute diskoan. «Ondorioz, lan honetan sonoritate arraroxeagoak daude. Etxea-n eta Kalea-n pianoa, gitarrak, perkusioak, trikitia eta ahotsak zeuden. Aldiz, Herria-n sonoritate berriak daude. Tresna estandarrekin batera agertzen dira, esate baterako, Kretako lira, Turkiako haize tresnak, Ameriketako indigenen danborrak, Hawaiiko ukelelea...».
Askotariko soinu paisaiak eratu ditu Junkerak. Txeroki, cheyenne eta navajo indigenen lurraldeetatik Boiseko euskal artzainen zelaietara, gospel abesbatza baten eta Flaco Jimenezen musikari mexikarren tex-mex giroetatik pasatuta.
Kulturen arteko uztartze horren ondorio gisa pieza «oso libreak» sortu dituela ziurtatu du Junkerak. «Aurreko diskoetan bezalaxe, askatasuna eman diet artistei abestia beren bideetatik eraman zezaten. Ez diet ezarri estetika edota bertsio jakinik», nabarmendu du. Hartara, Dave Douglasek New Yorkeko jazzaren eremura eraman du Boga boga itsas abestia. Eta Gabriel Arestik idatziriko Egun da Santi Mamiña indigena amerikarren perkusio eta oihuen artean eman dute.
«Hautaketa hanpatsurik ez»
Lan honetan ez du musikari «horren mediatikoekin» lan egin Junkerak; «diskoan talde lan bat dago, ez dago hautaketa hanpatsurik». Horrenbestez, ahots ezagunak bainoago, taldean osaturiko atmosferak gailentzen dira. «Ospetsuak izan zein ez, guretzat denak izan dira oso garrantzitsuak, eta berdin tratatu ditugu. Artistikoki, gainera, apartak dira denak. Disko honetan sortzaile benetan interesgarriak daude».
Talde handia osatu du Junkerak. Diskoan parte hartu dute, besteren artean, Ara Dinkjian eta Joe Halaji armeniar jatorriko estatubatuarrak, Camilo Landau nikaraguar jatorriko estatubatuarrak, Mark Izu eta Brendi Wong Aoki japoniarrak, Sukhawat Ali Khan pakistandarra...«Nork bere herriko ukitua eman izanagatik, diskoaren oinarria euskal abestiak dira. Herrialde batetik bestera daramate entzulea, sonoritate berrien bitartez». Junkerak argitu du horrek ez duela esan nahi jatorrizko bertsioak, alegia, klasikoak atsegin ez dituenik. «Izugarri gustatzen zaizkit. Beste modu batera emanez, ekarpen bat egin nahi izan dut, hori baino ez», esan du.
Hain zuzen, maite dituelako lan egin gura izan du kantu horiekin, musikariak dioenez. Ederra zira maitea, Hator hator, Orioko baleari, Axuri beltza, Eperrak, Markosen txarria, Salamankara, Pello Joxepe eta Agur Xiberua berrinterpretatu ditu, besteak beste.
«Guztiak bildu eta amaiera festa bat egin nahiko nuke»
Jaurlaritzaren aldetik jasotako 702.ooo euroek hautsak harrotu zituzten arren, Junkerak argi du: «Berriro egingo nuke»I. B. Bilbo
Hunkiturik, izenak ahoskatu ezinik, amaitu zuen Herria aurkezteko ekitaldia atzo eguerdian Kepa Junkerak. Dar-dar egiten zion eskuak, eta kostata oratzen zuen zerrenda luzea irakurriz eman zizkien eskerrak, banan-banan, Etxea-Kalea-Herria lana egiteko «laguntza eta babesa» eman dioten «guzti-guztiei».
2008ko udazkenean aurkeztu zuen Etxea. Lan horretan, Miguel Bose, Ana Belen, Loquillo, Estrella Morente, Michel Camilo eta Dulce Pontesek interpretatu zituzten, besteak beste, Junkerak hautaturiko euskal kantu tradizionalak. Musikariak «harro eta pozik» aurkeztu zuen lana; baina berehala lehertu zen eztabaida,Miren Azkaratek eta Javier Madrazok hurrenez hurren gidaturiko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailek 702.000 euroko laguntza emango ziotela zabaldu orduko. Hainbat musikari kontra azaldu ziren, eta Junkerak «egoerak beharturik» azaldu zituen proiektu osoaren nondik norakoak. «Asmo handiko egitasmoa» zela esan zuen, eta laguntzarik gabe nekez izango zuela hura gauzatzeko modurik. Atzo, trilogia horren atzean dauden «zenbakiak» nabarmendu zituen: «49 herritan egon gara, eta 38 estudiotan, 74 abesti grabatu ditugu 128 musikari eta 155 abeslarirekin».
Berriro egingo lukeen galdetu zioten kazetariek. «Noski», erantzun zuen musikariak. «Harro nago erronkari gaina hartu izanaz. Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe. Gauza onetatik eta txarretatik ikasten da bizitzan».
Hiru diskoetatik bat aukeratzeko gai ez dela dio. «Denak dira lan bat». Iaz atera zuen Kalea, Hego Amerikako musikari eta abeslariekin. Besteren artean, Pablo Milanes, Juanes eta Lila Downsekin. Etxea aurkezteko egun biko jaialdia egin zuen Arriaga antzokian. Haatik, Kalea ez zuen zuzenean aurkeztu, eta Herria-rekin hartarako datarik ez du. «Gustatuko litzaidake musikari guztiak bildu eta amaiera festa bat egitea hemen». Ez daki posible izango den.