KRITIKA. Musika

Sorbalda eta pianoa

Christian Zacharias pianista. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Arkaitz Mendoza.
2015eko azaroaren 20a
00:00
Entzun

Christian Zacharias

Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Donostia. Eguna: Azaroak 18.

Hitz egin dezagun musikaz eta musika ez denaz. Hasteko, musika. Pianoan hiru soinu oldar burutu daitezke: hatz eta eskumuturra soilik erabiliz —Scarlatti, Soler, Mozart, Haydn interpretatzeko aproposak—, besaurretik datorrena —Prokofiev, Stravinski, Bartok— eta sorbaldatik hasten dena —Brahms, Schumann, Chopin, Txaikovski—. Lehenengo kasuan Christian Zacharias munduko onenetarikoa da, hatzen abilezia eta ukitua miresgarria da pasarte guztietan azaleratzen duen pisurik gabeko soinu garden horri esker. Domenico Scarlattiren Sonatak urduri hasieran, liluragarri amaieran; italiarraren jarraitzaile den Antonio Soler are eta dotoreago, ezker eskuko harmonia geruza eskuinekoaren magiarekin bikain urtuz. Besaurrekoa dinamika forte-etan erabiltzen du pianista suitzarrak, soinu gogorrago bat eratzeko egoki, Ravel edota Chopinentzat motz. Sorbaldatik jaiotzen den pisu zabaleko soinua Zachariasen egitekoan ez da inondik inora nabarmentzen. Horregatik Chopin presentziarik gabe geratu zen, fantasiazko pasarte azkarretan zirraragarri baina kantatu beharreko melodietan suitzarraren ezker eskuak melodia bera irentsi egin zuen. Zacharias barroko eta klasizismoan errege dugu, goza dezagun garai horretako interpretazioetan.

Orain musika ez denaz eztabaida dezagun. Bi orduko piano errezital bat —atsedenaldia barne— ikuste esparruan guztiz aspergarria da. Musikariak egundoko magia erakusten badu, entzuleria une oro erne egongo da, gogaikarri diren eztulak desagerraraziz. Ikusmena bi orduz plano berberean mantentzen bada, entzumenean erakartzen da gure atentzio guztia. Ez dut Zacharias eztulen errudun dela salatuko, baina hainbeste kritikatzen den adineko entzuleria ez da gorra eta entzuten duen musika goi mailakoa baldin bada arreta izugarria da, burmuinak ez du eztularen seinalea bidaltzen gorputzera, guztiz froga genezake kontzertu batean. Pianissimo uneetan auditorium osoa txundituta zegoen, baina minutu luzeetan entzundakoa soinu eremu berean jasotzen denean, atentzioa galdu egiten da. Aldiz, orkestra bat aurrean izanda, gure begiek gehiago jolasteko aukera dute.

Agian piano errezitala bere egitura klasikoan zaharkitu egin zaigu. Bila ditzagun formula berriak, ikus-entzumenak oreka izan dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.