Artea

Sorginkeria eta feminismoa

Sorginen mundu sinbolikoa eta aldarrikapen feministak uztartzen ditu Jesse Jones artistaren Dar-dar ikus entzunezko instalazioak. Bilboko Guggenheim museoan egongo da, martxoaren 1era arte.

jarraia173166.jpg
Inigo Astiz
2019ko urriaren 31
14:39
Entzun

“Gure kontzientziak eralda ditzakeen aldaketa oso sakon baten ertzeko amildegian gaude, eta uste dut aldaketa hori feminismoaren alorretik etorriko dela”. Irlandan abortua legeztatzeko borrokek eraman zuten Jesse Jones artista (Dublin, 1978) sorginkeriaren iruditeria eta historia aztertzera. Elkarri lotuta bizi ditu artea eta politika sortzaileak, eta horren emaitza da Dar-darikus entzunezko instalazioa. “Arte ekintza oso politikoa da mitoa eta legendak hartzea, eta gure munduaren ikuspegi kolektiboen bihotzera itzultzea”, azaldu du artistak. “Horregatik egiten dut artea”. 2017ko Veneziako biurtekoan Irlandak zuen pabiloian erakutsi zuen lehenengoz pieza, eta Bilboko Guggenheim museoan ikus daiteke orain, martxoaren 1era arte, Film & Video aretoan.

Instalazioaren “konplexutasuna” nabarmendu du Manuel Cirauqui komisarioak. Zinema, eskultura, soinu paisaiak eta performancea uztartzen dituelako, batetik, eta baita esanahi geruza asko metatzen dituelako ere, bestetik. Hamaika elementu konbinatzen dituen erritu moduko baten parte bilakatze du piezak ikuslea, eta egunero lau emakume egongo dira aretoan artelanaren parte diren oihalak mugitzen eta areto erdiko harri zirkular zelta zaindu eta aktibatzen. Baina, edonola ere, aretoko bi pantaila erraldoietan ikus daitekeen sorginak eta haren kontakizunak biltzen du dena.

Malefizioak eta zaratak

Olwen Fouere aktore irlandarrak jokatzen du sorginaren rola, eta ikusgarria da haren interpretazioa. Keinu. Hots. Zarata. Mugimendu. Dena pertsonaia aretoan ia presente bilakatzea lortzeko. Bere ezpainen lehen-lehen plano batekin abiatzen da proiekzioa, adibidez. Irudi bakar horrek betetzen ditu bi pantailak, baina bertikalean grabatu dute aktorearen ahoa, eta, beraz, goitik behera ikusten dira ezpainak. Nahasian eta tartekatuz doaz aktorearen hots guturalak eta narrazioa: “Bazegoen beste lege bat, belaunaldiz belaunaldi eta alabaz alaba pasatua”. Hain zuzen ere, gizonen arauen kontrako malefizio moduko bat ere botatzen du bideoko beste une batean horregatik. “Nire hezur hautsiak armak izango dira, kaosa nire eguneroko ogia”. Eta orain arte topatu den giza arbasorik zaharrenaren ahotik ere mintzo da beste tarte batez, noiz, eta aretoko argiek Lucy izeneko antzinako gizakiaren hanketako hezurren bi erreplika argiztatzen dituztenean. “Ibaiertzean paseoan nenbilen, duela hiru milioi urte inguru”.

Ilea zurituta, arropa zaharrekin, gorputz mugimendu arraroekin, sorgin baten arketipoa eskaintzen du aktorearen irudiak. Baina irudiak ez du irudi izoztu bat izateko asmorik. Jonesek azaldu duenez, emakumeen emantzipatzeko tresna gisa aurkeztu nahi izan du sorginkeria.

Artistak maiz kontrastatu du bere lana Silvia Federici pentsalariarekin, eta igar daiteke haren pentsamenduaren oihartzuna artistaren hitzetan ere. “Bereziki interesatzen zait estatuak emakumeen gorputzak zein testuingurutan kontrolatu izan dituen jakitea, eta oso garrantzitsua iruditu zait gai hori sorginen jazarpenarekin lotuta aztertzea”.

Euskal Herriko iruditeria

2017ko Veneziako Biurtekoan bertan hasi zen Bilboko Guggenheim museoarekin elkarlana. Bilbokoa bosgarren geldialdia du lanak, baina lekuan lekura moldatu du aldiro artistak. Euskal Herriko kasuan, esaterako, Zugarramurdira egin du bisita Jonesek, eta Euskal Herriko hainbat emakumerekin ere egin ditu elkarrizketak. Donostiako San Telmo museoan ere egon da, eta handik ekarri dituzte erakusketa sarreran ikus daitezkeen hiru elementu etnografikoak: triku larrua, gau-hontz burua eta azkonar hanka.

Argizaiolarena da erakusketara txertatutako beste euskal elementuetako bat. Hildakoen aldeko erlijio ospakizunetan erabiltzen den argizariz kiribildutako zurezko taulak dira Argizaiolak, eta halako hainbat topatuko ditu bisitariak bideo proiekzio gelara sartu aurreko gelako bitrinan. “Hasieratik iruditu magiarako aukera asko ematen zituen objektu bat zela”, azaldu du Jonesek. Sorginen sinbologia indartzeko ere baliatu du elementua, gainera. Argizaiolen kandela kiribildu horietako batekin bildu du, esaterako, Irlandan sorginkeriaren aurkako zigorrak bertan behera uzten zituen 1921eko araua areto sarreran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.