Ministroak poemei buruz hizketan. Ez da ohiko argazkia izaten, baina gertatzen da noizbehinka. Bi aldaera nagusi dauzkate agintarien diskurtsoek halakoetan: edo zorion hitzak izaten dituzte sari potoloren bat jaso duen idazlearentzat edo salaketa hitzak, bestela, urrunegi joan direnentzat. 1999an Nobel saria irabazi zuenean jaso zituen zorionak Gunter Grass idazle alemaniarrak, baina kondena mezuak entzun behar izan ditu aste honetan. Hautsak harrotu ditu Süddeutsche Zeitung egunkarian kaleratu duen Was gesagt werden muss poemak (Esan beharrekoa), eta asko izan dira poesiaz aritu diren agintariak. Israelen politika nuklearraren inguruko kritika bat egiten du Grassen poemak, funtsean, eta Iranen aurkako eraso prebentibo baten arriskuak aipatzen ditu. Gehiegi, Israelgo ordezkarien ustez, eta, azkenean, debekatu egin diote herrialdean sartzea. Izan ere, egunotan behin eta berriz gogorarazi diotenez, Grassen sorkuntza lanak badu bekatu larri bat: politikaren esparruan sartu izana.
Klixeak erabili izana, antisemita izatea, Israelen aurka jardutea, Iranen asmo genozidak zuritu izana, liburuak saltzeko edozer egiteko prest egotea... Luzea da Grassek egunotan entzun dituen kritiken zerrenda, eta izan da Suediako akademiari Nobel saria ken diezaion eskatu dionik ere. Esan beharrekoa izeneko poemarekin esan daitekeenaren mugak gainditu izana da, sakonean, aurpegiratu diotena. Sorkuntza, aldarrikapen politikoz «zikindu» izana. Baina zerk zikintzen du benetan sormen lan bat?
Sorkuntza oro da politikoa, Lorea Agirre kazetari eta unibertsitateko irakasleak gogorarazten duenez. Sormen lan oro ez da, ordea, «lan politikotzat» jotzen. Eraso gisa erabiltzen den etiketa bat da, azken finean. Botere politikotik gertukoa izaten da izendapen hori egiteko boterea izaten duena. «Gaur egun, okerretan okerrena da sorkuntza lan batek ukitu politikoa duela esatea. Gauza zikina da politika herriaren edo sortzaileen eskuetan; aldiz, politikari profesionalen eskuetan oso eskuzabala den jardun bat da politika. Ezkertiarra den sortzailearen lana panfleto bat da, lan politikoa, eta eskuindar batek egindako lana, aldiz, araua; ez dago politizatuta, sormena da».
Testuinguruak bilakatzen du artea arte, eta, beraz, testuingurua kontrolatzen duenak kontrolatzen du izendapenen banaketa. Legitimazioa da, Agirrek, dioenez botereak kulturan bilatzen duena. Sostengu sinbolikoa. «Botereak kultura bezatu bat nahi du. Ongi datozkion poema, kontakizun eta arteak erabiltzen ditu bere posizioa indartzeko eta justifikatzeko. Hori da kulturari ematen zaion erabileretariko bat».
Hain zuzen ere, zilegitasun afera bat ere badago Grassen poemak piztu duen eztabaidaren funtsean. Israelen jatorriari buruzkoa. 2006an ere izan zen nahikoa eztabaida Grassen adierazpen batzuen inguruan. 17 urte zituenean, Nazien Waffen-SS indarretako kide egin zela aitortu zuen orduan idazleak, eta hori ere izan dute gogoan oraingoan kritikak egiterakoan. Handia da iraganaren zama Alemanian, eta errealitate horrek ere badu pisurik azken kalapitan, Agirreren hitzetan. «Juduen aurkako holokaustoa Europan izandako gertakari larrienetariko bat izan zen. Baditu beste bekatu batzuk ere, baina hori da handi eta ezagunenetariko bat. Israelgo estatuaren sorrera eta sionismoa ere, errealitate horrekin lotuta daude. Masakratutako herri bat izan zela esaten dute, eta ez dute kritikarik txikiena ere onartzen. Ezta gaur egungo egoera baten inguruko kritikarik txikiena ere. Grassek Israel gaur egun mehatxu nuklear bat dela esaten du, baina hori ere ez dute onartzen. Ukitu ezinezko totem bat bilakatua da Israel». Horregatik Grassen aurkako etiketak.
Bonbardaketaren estalkia
Picassoren Gernika koadroraino egiten du oihartzun Grassen polemikak. Etengabe dago hura ere politikaren eta sorkuntzaren arteko interferentzien inguruko eztabaidan, eta Xabier Gantzarain arte historialariak aitortzen duenez, «obsesio bat» bilakatu zaio margolana. Neurri batean, haren inguruan ardaztu nahi du historia hurbilari eta arteari buruz prestatzen ari den liburua, eta koadroaren atzealdea da ezagutu nahi duena. 75 urte bete dira aurten hegazkinek bonbak jaurti zituztenetik, eta baita margolana sortu zutenetik ere. Gantzarainek dioenez, badago Picassoren lanari bekatuak barkatzeko gogo bat. Espainiaren historia justifikatzeko zeregina aitortu zaio koadroari. «Saltzen duten bertsio ofizial eta erromantikoa oso polita da, baina egiaren ertz bakarra hartzen du kontuan».
Egun artistari buruz indarrean den mitoak bazterrean uzten du errealitatearen zati garrantzitsu bat, Gantzarainen ustetan: Picassoren lana Espainiako errepublikak propaganda ekintza gisa egindako enkargu baten emaitza izan zela. Bonbardaketen aurretik onartu zuen lana margolariak, eta gero erabaki zuen bonbardaketaren gaia lantzea. Gantzarainek ez du ukatzen Gernikaren aurkako erasoek artistarengan ezinegona sortu zutenik, baina ez du errealitatearen zati «itsusiagoa» ere ukatu nahi: diru truke ere aritu zen Picasso errepublikarentzat lanean. Maiz, ahaztu egiten dira datu horiez, ordea, Gernika-ren gaineko kontakizuna eraikitzerakoan.
Eta ez da kasualitatea. Edo Gantzarainek, behintzat, ez du uste hala denik. «Gaur egun, Picassoren Gernika-k estali egiten du Gernikako bonbardaketa». Areago: «Bonbardaketaren horrorea salatzeko koadroa bilakatu da Gernikako bonbardaketa estaltzeko artefaktorik onena. Reina Sofian koadroa ikusten duenak ez du ikusten bonbardaketaren ezer». Espainiaren legitimazioa ere bada margolanean jokoan dagoena, arte historialariaren hitzetan. «PP dago egun Espainiako Gobernuan, eta haiek antolatuko dute margolanaren urteurrenaren ospakizuna; Gernika bonbardatu zutenen bilobek. Koadro horren bitartez legitimatu da XX. mendeko Espainiaren historia. Iragana irentsi beharrik gabe, diktaduraren ondoren aurrera egiteko modu bat izan zen GernikaMadrilgo Reina Sofia museora eramatea. Makurra da zabaldu nahi duten mezua: 'Gu ez ginen izan Gernika bonbardatu zutenak, gu koadroa egin zutenak ginen'».
Ez da Gantzarainen iritzia soilik. 1981ean heldu zen Picassoren Gernika Madrilera. Urteak zeramatzan Espainiako Gobernuak koadroa eskuratu nahian. Frankistak ere saiatu ziren koadroa espainiaratzen, baina PSOEk lortu zuen, azkenean. Helburua ez zen artistikoa soilik. Koadroa izatearen benetako saria beste bat zen. Sinbolo bat behar zuten, eta sinbolo bat lortu zuten. Irailaren 11ko artikuluan El País egunkariak eman zuen lorpenaren berri, editorialean. Koadroakzuen garrantziaren erakusgarri da titularra: «Trantsizioaren amaiera».
Propagandaren izen txarra
Kontraste lana proposatzen du Gantzarainek. Politikotasun test moduko bat. Jose Luis Zumetak margotutako Gernikako bonbardaketari buruzko koadroa jartzen du Picassorenaren aurrean. Dioenez, espainiar margolariarenaz bestelako erreferentzia sinboliko batzuk erabiltzen ditu Zumetak. «Berak ez du bonbardaketa hartzen une konkretu gisa, baizik eta jarraipen historiko gisa. Horregatik, poliziak torturatuta hildako Joxe Arregiren oinazpiak ere badaude koadroan». Paradoxikoki, egun Zumetarena da koadro politikotzat hartuko litzatekeena. «Picassorenak gainditu du propaganda lan bat izateari dagokion izen txarra».
«Arazoa ez da politikaz hitz egitea, ezta kontzertuaren erdian tiroa jotzea ere. Tiroa nork jo eta zer norabidetan jaurti, horrek du benetan inporta». Eider Rodriguez idazlearena da azalpena, Belen Gopegui idazle espainiarraren Tiroa kontzertuaren erdian izeneko (Txalaparta) liburuko hitzaurretik hartua. Gopeguiren esaldi bat hartzen du makulutzat Rodriguezek bere gogoeta eraikitzeko: «Diskurtso menperatzailearen jabeek egiantza bahitu dute». Hortik abiatzen du bere diskurtsoa Errenteriakoidazleak (Gipuzkoa). «Diskurtso menderatzaileak femenino bihurtzen du emakumeen literatura, eta etnikoa beltzena, ezkerreko literatura politiko bihurtzen duenez».
Rodriguezek dioenez, Euskal Herrian koska pare bat gehiago bihurritzen da arazoa: «Ez da bakarrik literatura ezkerretik egitea zaila dela, baizik eta hemen, gauza batzuk, ideia batzuk, ezin direla esan. Ez zailtasunagatik, baizik eta legez zigortuta egoteagatik. Eta esan gabe, adierazi gabe, eztabaidatu gabe, kontatu gabe geratzen diren gaiek, arazoek, iritziek lekua galtzen dute ez bakarrik errealitatean, ez bakarrik talde-irudimenean, baita errealitatearen eta irudimenaren arteko koktela den fikzioan ere».
Kontaketaren zilegitasuna
Historiaren kontakizuna nork egiten duen. Nork duen gertatzen dena kontatzeko zilegitasuna. Hori ere badago jokoan politikaren eta sorkuntzaren interferentzia guneetan Agirreren ustez. Joseba Sarrionandiaren kasuarekin egiten du oihartzun oraingoan Grassekin gertatutakoak.Euskadi Saria eman zion epaimahaiak iaz Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? lanari, baina Eusko Jaurlaritzak sariari zegokion dirurik ez ematea erabaki zuen. Amaieran eman egin zioten dirua, baina hasieran ETAko kide izana, eta bere militantziaz ez damutu izana izan ziren saria hari ez emateko agintariek erabili zituzten argudioetariko batzuk. «Aldea handia da Grassen eta Sarrionandiaren artean, baina bien kasuan badago indarkeriazko historia bat. Indarkeria hitzari plural guztiak jarrita. Badago gertatu denaz nork zer esango duen kontrolatzeko nahi bat boterearen eskutik. Horregatik jaso ditu Grassek jaso dituen kritikak, eta horregatik ez zuten Sarrionandia saritu nahi izan, azkenean, eman nahi ez zioten saria eman behar izan zioten arren».
Ez da azken kasua izango. Agirrek berriz: «Boterearen zilegitasuna txikitu dezakeen edozein sortzailek jasoko du erantzuna».
Kultura. Sorkuntza eta politika
Sorkuntzaren bekatuak
Kritika sorta jaso du aste honetan Gunter Grass idazleak Israelen politika nuklearrari buruz idatzitako poemak, eta agerian jarri du politikaren eta sorkuntzaren artean dagoen lotura gatazkatsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu