43 artistaren lanak bildu dituzte Uharteko Arte Garaikideko Zentroan (Nafarroa). Denak dira nafarrak, eta denak gazteak. Egungo artearen irudi orokor bat eskaintzen duen koro moduko bat osatu dute, funtsean. Hori da Javier Manzanos zentroko zuzendariaren iritzia. «Termometro bat da erakusketa hau. Artista gazte garaikideen lanaren tenperatura ematen digu. Argazki orokor oso anitza da bertan ikus daitekeena, askotariko proposamenak biltzen dituena, baina positiboa da ageri duen egoera. Esperantzaz betetakoa». Sariketa bat da erakusketaren ardatza; Nafarroako Gazteriak antolatzen duen Nafarroako Artista Gazteen Topaketak izenekoa, hain zuzen ere. Arte Plastikoen eta Ikus-entzunezkoen alorretan nabarmendutako lanak dira ikusgai daudenak.
Museo osoa hartzen du, kasik, bildumak, eta bi solairutan antolatu dute, horregatik. Aurtengo lehiaketan saritutako lanak eta finalista izendatutakoak bildu dituzte lehenengoan. Lehiaketako maila orokorra ona izan dela azpimarratu dute epaimahaiko eledunek. Arte Plastikoen alorrean Iker Serrano artistak jaso du sari nagusia, Guardian del Bosque (Basoko zaindaria) izeneko margolanagatik, eta Sandra Monterori eman diote bigarren saria, Hueco y Cuerpo. Procesos de Trabajo (Hutsa eta gorputza. Lan prozesuak) izeneko 37 argazkiko instalazioagatik.
Lehiaketara aurkeztutako lanen prekarietatea nabarmendu du Javier Duero arte plastikoen epaimahaiko kideak. Proposamenen kalitatea, eta baliabideen xumetasuna. Biak aldi berean. «Oso kalitate oneko lanak izan dira aurtengoak. Masa kritiko handia dago egun, 80ko hamarkadan ez bezala, eta horrek eman digu aukera finalerako hemezortzi pieza aukeratzeko. Artistek proposamenak, halere, medio prekarioetan aurkeztu dituzte, eta gaur egungo egoeraren isla da hori. Lana eta ideiak dira balio dutenak, ordea, eta, beraz, prekarietate hori ez da lanen kalterako». Erakusketaren lehen solairuko bilduma laborategi moduko bat dela ere gogorarazi du. «Gehienak ez dira bukatutako obrak».
Acronica ekoizpen etxeak jaso du ikus-entzunezko sorkuntzaren alorreko lehen saria, Desenchufadas (Entxuferik gabe) film laburragatik, eta Maria Manerok bigarren saria, Perdida de juicio (Zentzua galduta) bideoagatik. Aipamen berezia egin diote Bengoa Vazquezen Variaciones (Bariazioak) lanari ere. Aho batekoa izan da lehen saria Puy Oria, Oria Films ekoizpen etxeko eta epaimahaiko kidearen hitzetan.
Ederra da, izan ere, Anacronica ekoizpen etxea osatzen duten lau anaiek sorturiko pieza. Objektu zaharren bazterketa lantzen du film laburrak. Poetikoki, landu ere. Zaharkiturik gelditu diren hamaika telebista dira filmeko protagonistak, jendeak bazterrean utzi dituenak. Blade Runner eta beste hamaika film klasikotatik hartutako elkarrizketen bitartez mintzo dira telebistak beren sentimenduez, eta berehalakoa da objektuekiko ikuslearen identifikazioa. Positiboa da sakoneko mezua, halere. Bizitzaren aldeko aldarrikapen xumea.
Berrikuspenerako aukera
Lehiaketako aurreko urteetako sarituei eskaini diote museoko bigarren solairua. Eta garai batean aurkeztutako lanen berrikuspena egiteko aukera eskaini diote hamasei artistari. Astebetez izan dira zentroan. Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendari Manzanosek azaldu du ekimenaren asmoa: «Espazio handia da solairu honetakoa, eta aukera genuen aurreko hamasei urteetan sortu den arte lanen bildumari beste buelta bat emateko. Sortzaileen garapena erakutsi nahi genuen». Adibide bat aipatu du Manzanosek, Elena Goñirena. Topaketen lehen saria jaso zuen 1998an, eta sariketako arte plastikoen alorreko epaimahaiko kide izan da aurten. «Aukera eman nahi genien artistei, saritutako lanen aurreko eta ondorengo lanekin erakusteko».
Lurrean idatzi dituzte erakusketan hamasei artisten izenak, eta espazio bat eman diote bakoitzari. Hor daude, esaterako, Nerea de Diego, Amaia Gracia, Miguel Pueyo eta Javier Arbizu. Baita Elba Martinez ere. 2004ko topaketetan jaso zuen saria, eta, orduko lanak ez ezik, pieza berriak ere jarri ditu Uharten orain.
Pozik dago, dioenez, zentroak eskaini dion aukerarekin. «Asko gustatzen zaizkit erakusketa kolektiboak. Eta oso positiboa iruditzen zait erakunde publikoek saritu eta eskuratu dituzten lanak erakusteko konpromisoa hartzea. Baita artista bakoitzaren garapena erakusteko aukera ematea ere». 2004an saritutako lanaren inguruan jarraitzen du berak lanean, dioenez. «Heroinaren inguruko serigrafia bat egin nuen orduan, eta oraingoan margolan batzuk egin ditut. Itxura batean ez dute ordukoarekin inolako antzik, eta ez ditugu elkarren ondoan jarriko, baina gai aldetik gertukoak dira. Kalean aurkitutako heroina txirriak dira koadroetan margotu ditudanak».
Abenduaren 11ra arte izango da erakusketa zabalik.
Sorkuntzaren tenperatura
Nafarroako Artista Gazteen Topaketetan saritutako artisten lanekin bete dute Uharteko Arte Garaikideko ZentroaIker Serrano artista eta Acronica ekoizpen etxea saritu dituzte aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu