Laugarrenez, Sormen Beka antolatu dute Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak. Euskarazko sorkuntza sustatzea eta ezagutaraztea du helburu egitasmoak, eta aurten kultura digitala izan dute jomuga antolatzaileek: adierazpen artistiko batean oinarritutako lanak eskatu dituzte, eta dagoeneko ireki dute proposamenak aurkezteko epea. Proiektuak irailaren 21era bitarte bidali ahal izango dira —[email protected] helbidera—; garaileak 15.000 euro eskuratuko ditu, eta Durangoko 57. Azokan erakutsi ahal izango du lana, 2022an.
18 urtetik gorako sortzaile berriei zuzendutako egitasmoa da, eta askotariko moldeak onartzen dituzte: aurreko urteetan, proiektu literarioak, musikalak eta ikus-entzunezkoak gailendu izan dira lehiaketan. Antolatzaileek iragarri dutenez, irabazlea aukeratzeko lau irizpide hartuko dituzte aintzat: proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, lanaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko defentsa —aurkeztutakoen artean lauzpabost hautatuko ditu epaimahaiak aurrena, eta proiektu horiek izango dira defendatu beharrekoak—. Proposamen irabazlea 56. Durangoko Azokan iragarriko da —abendu honetan—.