Sormen bide berriak uztartzen

Nafarroako Artista Gazteen Topaketetan finalista eta irabazleen lanekin erakusketa paratu dute Uharten

Lanak ikusgai egonen dira azaroaren 11ra arte. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Uharte
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Sormena nonahi. Margolanak, eskulturak, argazkiak, bideo sorkuntzak, instalazioak, bideo artea, bideo dantza eta ilustrazioak. Horiek guztiak eta gehiago erabili dituzte haien lanetan Nafarroako Artista Gazteen Topaketetan finalista eta irabazle suertatu diren gazteek. Epaimahaiak artistek erabili dituzten tekniken erabilera nabarmendu du, eta adierazi dute artista gazteek «bide berriak ezagutzeko eta esploratzeko duten grina» azalean geratu dela, bai ikus-entzunezko sailean, bai arte plastikoen sailean. Bi modalitateek bat egiten dute Uharteko zentroaren hirugarren solairuan, bata bestearen ondoan baitaude. Bideo sorkuntza bateko musika entzuten duen bitartean, argazki muntatze bat ikusten du bisitariak.Lan guztiak Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egonen dira azaroaren 11ra arte.

Rafael Munarriz gaztea izan da irabazle arte plastikoen modalitatean, Destockaje obrarekin, eta Eduardo Portalen Masap lanak irabazi du ikus-entzunezkoetan. Biek 6.000 euroko saria jasoko dute. Munarrizek adreiluak, oihalak, zirtzilak eta paraxuta bat erabiliz muntatu du bere instalazioa, eta epaimahaiak haren lanaren «kalitatea» azpimarratu du. Portalek, berriz, stopmotion teknika erabiliz aurkeztutako bideoagatik jaso du saria. Ez zuen espero saria lortzea, «kalitate handiko obra asko» zeudelako, eta pozik agertu da sariarekin. Hurrengo lanean erabat murgildurik dagoela adierazi du, eta «anbizio handiagokoa» izanen dela aurreratu du. Urte bat baino gehiago eman zuen bere lagun Nacho Hernandezekin bideoa prestatzen. «Bideoak 8.000 argazki baino gehiago ditu, eta hiru segundoko plano bat egiteko orduak pasatzen genituen argazkiak egiten». Dena dela, emaitzarekin oso pozik dago.

24 artistaren lanak

Maila ona eman dute artista guztiek, epaimahaiaren arabera, eta, horregatik, aipamen bereziak eman ditu bi modalitatetan. Maider Araguasek, Sergio San Martinek eta Andrea Ganuzak jaso dituzte aipamenak ikus-entzunezko sailean. Arte plastikoen sailean, berriz, Leire Ajuriagoxeaskoak, Marta Burugorrik, Yolanda Urizek eta Bengoa Alvarezek. Horien guztien lanak, bi irabazleenak eta gainontzeko finalisten lanak ikusgai egonen dira Uharten. Guztira, Nafarroako 24 artista gazteren lanak paratu dituzte zentroan. «Lan guztiak oso desberdinak dira, eta guztiak ikustea merezi du: horregatik erabaki dugu guztiak erakustea», aipatu du Maitena Muruzabal epaimahaiko kideak.

Hamaika teknika erabili dituzte artista gazteek haien sormen lanak egiteko, eta epaimahaiak nabarmendu du teknika horien guztien «aniztasuna» oso interesgarria dela. Era berean, urtetik urtera «lan gehiago eta kalitate handikoak» aurkezten direla adierazi dute. Gazteen sormena bultzatzeko asmoz antolatzen dituzte urtero topaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.