Askotariko moldeak landu zituen artista gisa Juan Carlos Egillorrek (Donostia, 1947), baina beti, modu batean edo bestean, irudiari lotuta garatu zuen sormena. Komiki tirak egitetik, kartelak, aldizkarietako ilustrazioak eta disko edo liburuetarako azalak lantzera, bideo artea alde batera utzi gabe. Berrogei urteotako lanak dira sormen horren lekuko. Margolari, marrazkilari eta ilustratzailea herenegun hil zen Madrilen, urte askoan bizileku izan zuen hirian, gaixotasun baten ondorioz, 63 urte zituela.
Donostian jaio bazen ere, Bilbon eta Madrilen bizi izan zen Egillor. Gaztetan, kazetaritza ikasketak utzi eta marrazteari ekin zion. Komiki tirak egiten hasi zen lehen urte haietan, eta El Correo eta Egin egunkarietan argitaratu zituen Mari Agirre pertsonaia protagonista zuten lan haiek. Satiraren bidez agertu zuen Bilboko orduko gizarteaz zuen ikuspegia. «Kalea dut inspirazio iturri, entzuten ditudan eguneroko elkarrizketetan», esan zuen. 1975etik 1977ra Krisket eta Popolo euskarazko bilduma ondu zuen, eta Komikia argitaratu zuen. EuskadiSioux aldizkarian ere plazaratu zituen bere lanak. Kartelgintzan egin zuen lanaren lekuko dira 1978an Bilboko lehen Aste Nagusia iragartzeko landu zuen kartela, eta Zinebi Bilboko Film Labur eta Dokumentalaren Jaialdiarentzat egindakoak. Oskorri eta Ruper Ordorikaren diskoetarako hainbat azal egin zituen, baita Bernardo Atxagaren haur literaturako hainbat liburutako ilustrazioak ere.
1980ko urteetan bideo artearen munduan murgildu zen, beste adierazpideak bazter utzi gabe. Haren lanak Madrilgo Reina Sofian eta Parisko Pompidoun izan ziren, besteak beste.•
Hilberria. Juan Carlos Egillor
Sormena, irudiari emana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu