“Azkar margotu behar da, gauza iheskor asko galtzen baita, eta ez da berriz aurkitzen!”. Bizitza osoa eman zuen Joaquin Sorolla margolariak ikusten zituen gauza guztien olio pinturazko formatu txikiko berehalako apunteak hartzen, eta berdin baliatzen zituen hala kartoiak, nola oihal puskak edota baita argazkien atzealdeak ere. Beti zebilen pintura kutxa eskuetan. “Ohartxoak”, “orbanak” eta “koloretako oharrak” esaten zien sortzaileak. Halako 2.000 lan baino gehiago ezagutzen dituzte adituek, eta multzo erraldoi horretako 186 margolan biltzen dituen erakusketa zabaldu du orain Bilboko Arte Ederren Museoak. Aurrez Madrilgo Sorolla museoan egon da bilduma otsailetik azarora, eta otsailaren 23ra arte ikusi ahalko du bisitariak Bilbon, Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian izenburupean.
“Hondartzan jolasean dabiltzan umeen margolanez harago doan Sorolla bat erakustea izan da kezketako bat”. Consuelo Luca de Tena, Blanca Pons-Sorolla eta Maria Lopez Fernandez komisarioek antolatu dute erakusketa, eta, azaldu dutenez, margolariaren alderik “intimoena”, “pertsonalena” eta “sekretuena” erakusten dute formatu txikiko lanek. Haietako batzuk apenas diren hamar zentimetro altu eta hamabost zentimetro zabal, eta, halere, “miniaturan egindako goi artea” direla esan dute adituek. Zehatza da margolariaren pintzela. Zainduak dira konposizioak. Aberatsa koloreen ñabardura. Eta badute momentua harrapatzeko beharretik sortutako urgentzia berezi hori. “Sorollaren unibertso piktoriko guztia biltzen dute”, laburbildu du Lopez Fernandezek.
Autonomiarantz
Hasieran, koadro handiagoetara iristeko erdibideko urrats bat baino ez ziren berehalako apunte horiek Sorollarentzat, baina, urteekin, aldatuz joan zitzaion haiei buruzko iritzia, eta, azkenerako, beste margolan handiago eta ezagunagoen parean erakusten zituen, nazioarteko erakusketak egiten hasi zenean. Marko banarekin guztiak. Bakoitza bere prezioarekin. Independente.
Kronologikoki antolatu dituzte piezak Bilboko erakusketan, eta klase guztietako artelanak topatuko ditu bisitariak. Erretratuak. Paisaiak. Zuhaitz loratuak. Taberna barrualdeak. Hondartzan jolasean dabiltzan umeen apunteak. Tarteka, hain da arina pintura kapa, atzealdeko egurra eta kartoia ere argi ikus baitaitezke. Badira ziurtasun momentuak margolanetan, eta ikus daitezke zalantza uneak ere: adibidez, paisaiaren erdian bukatu gabe utzitako giza figuretan. Hiriak. Itsasontziak. Eta baita itsasoaren distirak harrapatzeko saiakerak ere. Distirak eta islak, eta distira eta isla gehiago. Argia. Itsasoa. Haizeak uretan eragindako mugimenduak. Agertzerako desagertzen hasia den hori guztia.
Euskal Herriko irudiak
Bereziki maite zuen Euskal Herriko kosta ere, eta bertan egindako berrogei margolan ikus daitezke, guztira, erakusketan.
Nekaezina zen Sorollaren jarduna, komisarioen hitzetan. Beti arkatz bat edo pintzel bat eskuan. Eta hortik formatu txikiko margolanen kopuru handia ere. Lopez Fernandezek dioenez, maiz, emazteari eskutitzak idazteko baliatzen zuen artistak eguerdiko atsedenaldia, baina komisarioak kontatzen duenez, sonbreiru baten apuntea zela edo kafetegiko alboko bezeroen erretratu azkar bat zela, marrazkiz beteta iristen ziren eskutitzak gehienetan helmugara. Hori zen haren lan metodoa. Lopez Fernandez: “Bere margolan handien atzean, begirada eta pintura orduak eta orduak daude”.
Aitortza lortu ostean ere, etengabe margotzen jarraitu zuen artistak, apunteak egin eta egin, eta, hain zuzen ere, artistaren azken fase horretako margolanak nabarmendu ditu komisarioak. “Gero eta sintetikoagoa bilakatuz joan zen haren pintura, eta gutxienekoan geratu zen azkenean. Gauza berriak egiten hasten ari zela ikusten da hor. Hiltzeko zorian zegoela ere, eta munduko arrakasta guztia lortua zuen arren, eta bere arrakasta ekonomiko eta artistikoa eztabaidaezina zen arren, ikertzen jarraitu zuen formatu txikiaren bidez, eta hori da erakusketa honek duen amaiera zoragarria”.
Sorollarenganako jaidura
Inpresioak ehizatuz hautatu dute bildumaren titulutzat, bana bestelako izenburu batzuk ere izan zitzakeen erakusketak, Miguel Zugaza museoko zuzendariaren hitzetan. “Sorolla naturalean”, adibidez, margolan guztiak hala egin zituelako: lekuan bertan. Zugazak dioenez, “Sorolla, fa presto” ere dei zitekeen bestela, margolariak uneak harrapatzeko erakusten duen bizkortasunagatik, edota “Sorolla inpresionista” ere bai, pintorearen alderik libreena erakusten dutelako eta nabarmena delako argiaren ñabardurekiko erakusten duen kezka. Edozein kasutan, margolanen kalitatea eta erakusketaren berezitasuna nabarmendu ditu zuzendariak, oso gutxitan ikusi ohi direlako formatu txikiko hainbeste lan elkarrekin. “Altxor bat da”.
Zugazak onartu duenez, badu Bilboko Arte Ederren Museoak Sorollarenganako halako jaidura bat. “Hamar urtean behin eskaintzen diogu erakusketa bat”, azaldu du zuzendariak. 1998an elkarrekin erakutsi zuten Sorollaren eta Ignacio Zuloagaren artelan bilduma bat. 2008an haren oihal handien hautaketa bat jarri zuten ikusgai. Eta, hamar urteren ostean, heldu dira formatu txikiko lanak.