Sorpresaz sorpresa

Gontzal Agote.
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Zinema

'Animal Kingdom'

Zuzendaria: David Michod. Aktoreak: Ben Mendelsohn,Joel Edgerton, Guy Pearce...

Egunotan abiatu den Sundanceko Zinemaldiaren babespean ailegatu da gure pantailetara Animal Kingdom ekoizpen txikia. Robert Redfordek sortutako zinemaldi hori zinema independentearen ezinbesteko itsasargi bihurtu da. Hala ere, horren eraginez mundu osora zabaldu diren filmen artean denetarik izan da, eta urterik urte independentziaren alderdirik bihurren eta apurtzaileena galduz joan da.

Horrexegatik, sorpresa atsegina izan da ikustea pelikula australiar honek ez diola azken urteotan inposatu nahi izan den Sundanceko eredu zurrun eta gezari segitzen. Ez da hemen kamera mugimendu bortxaturik, ez dago muntaketa zoroz eginda eta ez du berehalako enpatia lortu nahiduen itxurazko istorio sozial bat kontatzen.

Thriller baten mozorropean aurkeztuko digu David Michodek bere lehen film luzea. Kolonizazio amerikarrak hainbestetan gure egin dituen hirigune ezagunetatik kanpo gertatuko da istorioa, Melbourne urrunean. Hortik sortuko da lehen sorpresa: ba al da gaizkilerik Melbournen? Garai batean Australiara erbesteratutako gaizkile eta susmagarri haiek guztiak ez al ziren arau sozial anglosaxoien arabera gizarteratu? Animal Kingdom-ek postal turistikoen ifrentzua jarriko digu begi aurrean. Hiltzaile eta lapurrik izan bada, baita polizia ustelik ere.

Hortik abiatuta, istorioa kontatzeko modua da harridura –onerako– sorraraziko duen hurrengo kontua. Narrazio lehorra, apaindurarik gabekoa da. Horregatik, hainbatetan Scorseseren itzala —bereziki Goodfellas-ekoa— ikusten ahal da filmean, baina morrontza hori laster batean kenduko du gainetik zuzendariak, eta epikarik gabeko bide propiotik bideratuko du narrazioa. Alde horretatik, askoz gertuago dago azken urteotako telesailetako kanonetik.

Bilatze horretan, ez ditu thriller-aren kode generiko ezagun asko erabiliko, horiek moldatuta eta eguneratuta emanen ditu. Areago, azkenean familia harremanen inguruko pelikula bihurtuko da Animal Kingdom; leialtasuna, lotura afektiboak eta konfiantza izanen dira istorioaren zutabe nagusiak. Horrekin batera, pertsonaien erdigunea ere mugituko da, eta hasiera batean bigarren mailan agertuko den ama erabateko protagonismoa izatera ailegatuko da, ia Bloody Mama-ko (Roger Corman, 1970) Kete Barker bat izateraino.

Gaur egun zaila bada ere, orijinala da Animal Kingdom, diferentea, sailkaezina, eta arraroa, adierarik positiboenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.