Ibilbide luze eta oparoko musikaria izanagatik -dozenatik gora disko dauzka plazaraturik, dela bakarka dela Leturia pandero jotzailea lagun hartuta-, ez du bertan goxo geratu eta formula errazetara jotzeko ohiturarik Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964). Trikiti munduan zer hobetu askorik dagoela uste du, baina bitartean bere bideari tiraka, kontzientzia kritikoa garatzearekin bat kantutegi berri bat sortzeko asmoari eutsiko dio. Korreo elektronikoz erantzun ditu galderok
Bigarren Karlistaldi garaiko bertso eta abestiak berreskuratzeko inor zuri ez aurreratu izanak harritzen zaituela esan duzu. Zergatik ez du inork kantutegi horretara jo orain artean zure ustetan?
Neuk ere galdera egiten dut. Niretzat bertso hauek gure folklorearen parte dira. Gure kantutegi garrantzitsuenetakoa dela ere esango nuke. Bi baldintza betetzen ditu kantutegi honek: Alde batetik ederrak dira, kantagarriak. Bazekiten bai kantuak egiten: Zer nolako lelo eta errepikapenak dituzten, zer nolako konparazio, metafora, ironia, burla, deskripzio, estruktura... Bestetik herriak idatzi eta kantatuak ia oraintsu arte Eta tira eta tunba, edo Ai ai ai mutilla txapela gorria adibidez. Garai hura, Euskal Herri hura konprenitzeko ezinbestekoak dira bertso hauek. Eta plazer handiz kantatzekoak, nik uste.
Euskal Herriaren kontzientzia zeinen nekez sortu den azaltzen dute bertso horiek zure ustez. Oroimen historikoa puri puri dago garaiotan, baina gutxitan, edo ia inoiz ez da jarri izan arreta XIX. mendean. Zergatik?
Kantu mailan behintzat ez. Horregatik hartu dut sorpresa bertso hauek irakurrita. Hemen Euskal herri bat agertzen da bere kontraesanekin. Tradizioa gorde nahi dutenak alde batetik eta modernizatu nahi dutenak bestetik. Biek arriskuan ikusten dute Euskal Herria bestearen ikuspegi eta amenazarekin. Seinaleak bagenituen; Xenpelar ziurrenik karlista izanik gerraren kontra agertzen da. Konturatzen da hondamendia etorriko dela gerrarekin. Liberalek ere ez diote konfiantza handirik ematen. Gerra nahi duen guzia berari kendu bizia. Otañok alde egin zuen Ameriketara gerra honi ihesi familia hartuta...
Gutxiegi arakatzen al da euskal kantutegi zaharra?
Ez nuke jakingo esaten, horretarako asko jakin behar da, ni ez naiz etnografoa. Halere interes gehiago ikusi dut Arantzazuri edo Ama Birjinari buruzko koplak biltzen. Apaizek ere zerikusi handia izan dute horretan, beraiek arduratu dira herriaren produkzioaz... Ni ikasten ari naiz. Izan ditut maisu onak, tradizioaz asko dakitenak. Asko erakutsi didate gure tradizioari buruz.
Agur Intxorta maite diskoan ere bertso zaharrak, 36ko gudakoak, bildu zenituen. Ordukoarekin alderatuz musika proposamena oso bestelakoa da, ordea. Garaiak berak eskatzen al zizun musika lanketa desberdina?
Bai, horrelaxe da. Urrunagoko gerra zen eta soinua eta ahotsarekin dramatikoegi ematen zuen. Agur intxorta maite-ren antza handia hartzen zuen. Hemeretzigarren mendean ze musika egingo zuten ez dakit. Euskal Herri hura herriero musika banda batekin irudikatu nuen. Herriko plazetan dantzaldiak igande oro. Banda militarra ere ez zetorren gaizki. Karlisten iruditerian agertzen dira musika banden argazkiak. Beraz haizeko instrumentuak egoki zetozen doinu hauek janzteko garaian. Eta bestalde ez naiz gauzak errepikatzearen zale, formula bera aplikatuz.
Musikariekin bi banda sortzearena ideia originala da. Zein irizpide erabili zenituen batzuk liberalen bandoan eta besteak karlistenean sartzeko?
Ustekabean sortu zen bigarren bandaren beharra. Ez nuen hasieran horrela pentsatu. Baina gero egoki zetorren eta batzuei liberalak eta besteei karlistak deitu nien. Moldaketetan ez dago alde nabarmenik. Instrumentuetan dago alde bakarra; karlistek egurrezko kaxa darabilte eta liberalek metalezkoa. Tronboia karlistek eta bonbardinoa eta klarinetea liberalek. Beste diferentzi nabarmena musikarien, beraien interpretazioa litzateke. Bakoitzak hots eta ukitu ezberdina eransten dio moldaketari eta osotasunean nabari da ezberdintasuna.
Garaiko letra haiei erritmo militarrak eta fanfarre ukitua txertatu dizkiozu. Horregatik dauka trikitiak berak beste batzuetan baino protagonismo txikiagoa?
Azken emaitzan bai. Baina kantuak trikitiarekin konposatu nituen eta beraz protagonismo nagusia du niretzat. Gero nahasketetan goxatu, azukretu egiten zuen emaitza. Beraz nahasketetan atzerago kokatu dugu. Metalaren zaplaztekoa, zehaztasuna, loditasuna nahi nuen presente. Indar handia hartzen du eta ezin egokiago zetorkion gaiari.
Garai hartan bertso eta kantuak arma psikologiko handiak izan zirela esan duzu. Zergatik?
Gerra hasi aurretik kristonak eta bi esaten dizkiotelako elkarri. Besteen tatxak eta okerrak argitaratzen dituztebertsoen bidez eta giroa pixkana berotzen doala antzematen da. Elkarri morala jaten ibili ziren nabarmen.
Letren bilaketa lanak ala musika sorkuntzarenak, zerk ematen dizu plazer handiagoa?
Ezagutzen ez zenuen zerbait deskubritzea gauza ederra da, baina ez naiz liburu eta dokumentu zaharretan aditua. Laguntza eskatzen dut atal horretan. Musika jartzearena izaten da nire lan printzipala, horretan sufritzen dut, horretan estutzen dut burua. Asmatuz gero, lasaitu ederra hartzen dut. Hala ere benetako gozamena gero hasten da, zuzenekoetan. Kantu horiek jendaurrean kantatzerakoan. Ni sortzaile baino jotzaile naizela esango nuke. Jo gabe ere, ez dakit sortzen.
Letrak bildu edo beste idazleenagan jo izan duzu orain artean letrak osatzeko orduan. Zuk zeuk idaztea baino nahiago duzu besteenak musikatzea?
Kantuak idazteko abilidade gehiago behar da nik dudana baino. Hobeto moldatzen naiz doinuak asmatzen. Gustatuko litzaidake kantu ederrak idaztea. Bestalde idazle asko dauzkagu Euskal Herrian eta testu ederrak eta interesgarriak idazten dituzte. Badago nondik hautatu eta badago zer kantatu. Elkarrentzat ondo datozenak dira bi mundu horiek, musika eta literatura.
Trikitiaren erabilera folklorikoa kritikatu izan duzu sarri. Trikitiari molde sortzaileago bat emateko hautua egin zenuen zuk aspaldian. Jendeak zure proposamena balioesten duela sentitu al duzu? Oraindik trikitiak folklorismoari lotua jarraitzen al du nagusiki?
Batzuetan besteetan baino gehiago heltzen naiz publikora. Ez dut asmatzen beti. Batzuetan jendeak nire eskaintza jarraitzen duela, eskertzen duela iruditzen zait. Noizbehinka kritika onak ere irakurri izan ditut nire lanari buruz eta horrek, noski, indarberritu egiten nau. Trikitiak folklorismoaren inguruan jarraitzen ote duen? Tamalez baietz uste dut. Tentazioa pizten du gure tresna honek, eta eskaera txoro asko eta proposamen itsusi asko izaten ditugu.
Hala balitz, ardura nagusia zeinena da, trikitilariena beraiena, gizartearena, erakundeena, gu guztiona?
Beharbada gure kulturaren degradazioan guztiok dugu kulpa: artistok, eragileek, programatzaileek, publikoak, hedabideek, kritikoek, erakundeek... Baina batzuek ardura gehiago, handiagoa dugu beste batzuek baino. Ni neu ere ez naiz kulparik gabea, ez onartzekoak onartu izan ditut. Bakoitzak bere esparruan erresponsableki lan egin behar dugu eta zabarkeria baztertu.
Zure bakarkako ibilbideaz gain, Leturiarekin batera urteak egin dituzu dantzari loturik. Oraindik ere bi bideak jorratzen jarraitzeko asmorik al duzu?
Orain kantagintzari eskaintzen diot nire jarduna ia erabat.Hor ikusten dut nire bidea. Dantzarako ez da trikitilaririk falta. Hala ere festa mota horrek asko erakartzen nau. Tarteka egiten ditugu gure juergatxoak. Ez nago plazer horretatik erabat aldendurik, salbaturik.
Zer gelditzen zaizu ikertzeko trikitiaren edo musikaren munduan? Zer egingo zenuke aurrera begira?
Beste disko eder bat, posible banu. Letra ederrei musika jarri. Neronek esan nahiko nituzkeen eta besteek idatzitako testuetan barrura sartu eta kantutegi berri bat osatu. Hori gelditzen zait egiteko.
Trikitia modu desberdinetan lantzen da. Erromeriari loturiko taldeak daude, rockari loturikoak (Esne Beltza, Gose...), bakarlariak (Iker Goenaga, zu zeu...), ezer botatzen duzu faltan trikitiaren munduan?
Faltan eta soberan gauza asko. Trikitilarion artean elkarlan handiagoa. Gazteentzat erakusleiho gehiago. Telebistan programa on bat, gure bertako produktuak kontsumitzea.Gure musiken eta sorkuntzen ezagutza gehiago. Soberan? Dirulaguntzak. Seinale txarra da dirulaguntzena. Bere burua zuritzeko erabiltzen dutelako dirulaguntza gehienetan. Kanpoko musika komertzialak toki gutxiago beharko luke gurean eta ondorioz bertakoari leku gehiago utzi, bertako produktuen promozio egoki bat... Egin ezazu sailkapen bat EITBn egun baten buruan entzuten diren kantuekin hizkuntzaka, zenbat ingelesez, zenbat gaztelaniaz, zenbat euskaraz, zenbat portugesez edo italiarrez, zenbat bretoieraz, zenbat katalanez, zenbat galegoz, zenbat arabieraz... Multikulturalismoa eta horrelako hitz handiak beti ahotan, baina gero monokultura topean.
Bertsolaritza jartzen da sarri eredu modura kultur adierazpide baten antolakuntzari dagokionez. Trikitian halako zerbait egitea posible al litzateke? Trikitia bultza al liteke modu egituratu batean?
Besteen akatsetatik ikasi ere egiten da. Bi mundu diferente dira ordea;Bertsoak intimitatea sortzen du, isiltasuna, hitzaren magia hori. trikitiak zalaparta dakar, irrintzia... bestalde, musikak muntaketa astuna eskatzen du, eszenatokia, bafleak, soinu teknikariak, indar elektriko handia... eta bertsolariek elkarrenganako egiten dute lana, bertsolaria ez da bakarrik aritzen, binaka, hirunaka, launaka eta horrela dabiltza, txandakatuz gainera, horrek elkartasuna sortzen du, ez da oraingoa... trikitilariok musika mundukoak gara, indibidualistak gara ezinbestez...Bestalde jendeak beste modu batean ikusten gaituela esango nuke, Kantagintza aisialdi bezala kontsideratzen da gaur egun, futbola ikustea bezala. Eta aisialdiaren barruan gu hamazazpigarren postuan geundeke gutxienez.
«Sortzaile baino jotzaile naizela esango nuke»
Dantza giroa ez du erabat ahaztua, baztertua, baina kantagintzari emana dago azkenaldi luzean; II. Karlistaldiko bertso eta kantuak musikatu ditu 'Eta tira eta tunba' lan berrian eta aurrerantzean ere «letra ederrei» musika jartzen jarraitu nahi luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu