SOS Iruña-Veleia plataformak Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko 2.132 sinadura aurkeztu zituen atzo Arabako Foru Aldundian. Taldeak eskatzen du «ikerketa zientifikoan oinarrituta» egon behar duela aurkikuntzei buruzko edozein erabakik, eta salatzen du «itsumustuan eta aurkikuntzei buruzko ikerketa zientifiko ezinbestekorik gabe» hartu zituela erabakiak Aldundiak.
Iazko urriaren 7an aurkeztu zuten SOS Iruña-Veleia taldea, eta egun berean hasi ziren sinadurak biltzen. Agiri bat aurkeztu zuten zera eskatzeko: ikerketa sakonagoak egitea 2005ean eta 2006an aztarnategian aurkitutako «ezohiko grafitoen» edo ostraken benetakotasuna edo faltsutasuna erabakitzeko. Guztira, bi mila sinadura baino gehiago jaso dituzte, «unibertsitateko zenbait kiderenak barne», herri ekimenekoek azaldu dutenez.
Agerraldia Batzar Nagusietan
SOS Veleiak uste du Arabako Aldundiak ez duela behar bezala frogatu grafitoen faltsutasuna. Gainera, grafitoak egiazkoak direla erakusten duten hainbat froga dituztela adierazi du. Horregatik, Arabako Aldundiari eskatzen dio konprobatzea piezek hasierako egoeran jarraitzen dutela, grafitoen analisi eta ikerketa zientifiko gehiago egitea eta parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egitea. Gehiago ere eskatzen dio: hartutako erabakia «berriz pentsa» dezala eta egiazkotasuna edo faltsutasuna erakusten duten frogak izan arte kereila ken dezala. Bihar, SOS Veleiako kide batek agerraldi bat egingo du Arabako Batzar Nagusietan, auzi honetan plataformak duen ikuspuntua azaltzeko.
Aldundiak 2008an osatutako aditu batzorde batek faltsutzat jo zituen aztarnategian aurkitutako ostrakak, eta, ondorioz, Lurmen enpresari indusketa baimena kendu zion Aldundiak. Geroztik, EHUko arkeologo talde batek dauka aztarnategiaren ardura, Julio Nuñezen zuzendaritzapean. Uztailean, indusketak berriz hasi zituzten, eta SOS Veleiak aztarnategiko zenbait eremu suntsitu dituztela salatu zuen. Gasteizko epaitegiak tramitera onartu du salaketa.
SOS Iruña-Veleiak bi milatik gora sinadura aurkeztu ditu Aldundian
Taldeak eskatu du aurkikuntzen ikerketa gehiago egiteko, egiazkotasuna edo faltsutasuna frogatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu