Kontzertua egiteak liskarrak eragin ditzakeela argudiatuta ukatu dio baimena taldeari, eta ekitaldiarekin aurrera jarraitzearen ondorioez ohartarazi dio.
Espainiako Gobernuak Madrilgo Erkidegoan duen ordezkariak, Cristina Cifuentesek, Madrilgo fiskal nagusi Manuel Moixi idatzi bat bidali dio eskatuz azter dezala Soziedad Alkoholika musika taldeak heldu den larunbatean eskaini behar duen kontzertua bertan behera uzteko aukera. Madrilgo Gobernuko Ordezkaritzak EFE albiste agentziari azaldu dionez, Gasteizko musika taldeak "duen ibilbidea" jarri du argudiotzat Cifuentesek, kontzertua gauzatuko balitz "terrorismoa goratzeko delitua" gerta litekeela azaltzeko. Kontzertua martxoaren 14an egitekotan da, 19:00etan, Vistalegre jauregian.
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) salaketa jarri zuen duela zenbait urte Soziedad Alkoholikaren aurka, bere kantuetako hitzek "terrorismoaren gorazarrea" egiten zutela egotzita. Baina Espainiako Auzitegi Nagusiak balizko delitu hori indarrik gabe utzi zuen 2007an, esanez taldearen kantuek "gaitzespen soziala merezi duten arren adierazpen askatasunaren egikaritza legitimoan" kabida dutela.