Heldu den ostiralean abiatuko da Zinegoak jaialdia, Srdjan Dragojevicen Parada filmarekin. Otsailaren 10era bitartean, denera, 31 herrialdetako 85 film lehiatuko dira sail ofizialean. Cannes, Sundance eta Berlinalen izandako filmak ekarriko dituztela nabarmendu du Pau Guillen festibaleko zuzendariak, egitarauaren maila azpimarratze aldera. Besteak beste, Xavier Dolanen Laurence Anyways, Alexandra-Therese Keiningen Kyss Mig, Tiago Leaoren Noches de espera eta Zouhali-Worrall eta Katherine Fairfax Wrighten Call me kuchu erakutsiko dituzte.
Horretaz gain, euskarazko hiru pelikula izango dira festibalean: Aiert Goenagaren Morritson eta Gartzia, Maitane Baztarrika, Ariane Deza eta Amets Jordanen Estereotipoak hausten eta Ariane Irazusta, Ander Bolivar, Oihan Vitoria eta Miren Ormazabalen Maskarak. Lehiatik kanpo emango dituzte hirurak.
Lucia Egañak, Marta Andreuk eta Ramon Bareak osatuko dute epaimahaia. Azken hori izango da epaimahaiburua.
Hainbat sail izango ditu jaialdiak. Zorionak Zinegoak atalaren barruan, jaialdiaren ibilbidean izandako film esanguratsuenak erakutsiko dituzte.