Sting, orkestratua

Royal Philarmonic Orchestrarekin batera bere ibilbideko klasikoak joko ditu BECen, gaur

gorka erostarbe leunda
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Pop eta rock munduan nolabaiteko arrakasta izan dutenetako zenbaitek izaten duten tentazioa da orkestra batek lagundurik diskoa ateratzearena. Hard rock edo heavy taldeek egin izan dute usu (Deep Purple, Scorpions, Metallica, Kiss...). Pop musikariek ere, izen handikoak eta egoa ongi betea dutenak sarri, behin baino gehiagotan egin dute musika klasikora edo kultura hurbiltzeko saioa (Paul McCartney, Elton John, Mike Oldfield, Elvis Costello...). Emaitzak oso gutxitan izan dira kontuan hartzekoak, eta horren jakitun izango zen Sting berak halakorik sekula ez zuela egingo esaten zuenean. «Oro har, ez zait gustatzen pop musika orkestren laguntzarekin, gehienetan notak luzatu baino ez dira egiten eta».

Baina iritziz aldatu zuen. Gaztetatik gustuko izan du musika klasikoa, eta «oso musikari onekin harremana izan ondotik», aukera aztertzen hasi zen. Eta deliberamendua hartu zuen Symphonicities grabatzeko, Royal Philarmonic Orchestrarekin.

The Policeren 30. urtemuga ospatzeko egindako biraren ondoren -historiako etekintsuena izan zen, 290 milioi euroren irabaziekin-, Stingek jarraitzen du bere talde ohiaren nahiz bere errepertorioari tiraka etekina ateratzen. 12 kantu zaharrekin osatu zuen diskoa, eta Deutsche Grammophon sonako diskoetxearekin argitaratu zuen uztailean. Ordurako zuzenean eskaintzen ari zen, ordea, Londresko orkestra lagun hartuta eta Steven Mercurioren gidaritzapean. Gaur Barakaldoko BEC aretoan ariko da (21:30).

Sarreren prezio garestiak (52/141 euro artean) eta biraren luze-zabal arranditsuak (ehun kontzertutik gora eskainiko ditu lau kontinentetan) argudioak eman dizkie Sting nola edo hala bere dirutza handitzeko asmotan eta sorkuntzari dagokionez aspaldianantzu dabilela diotenei.

The Police eta bakarkakoak

Bere jarrera defenditzen dutenek, aldiz, nabarmentzen dute emanaldi horietan orkestra osoak parte hartzen duela -48 musikari - eta hiru ordu luzeko kontzertuak izaten direla. Diskoak dozena bat kantu baino ez dituen arren, birako entsegu luzeetan moldatu eta landutako 40 kantu inguru -bere ibilbideko klasiko guztiak- eskaintzen ditu Stingek.

Kontzertuetako errepertorioan The Policerekin izandako arrakastak (Next to You, Roxanne, Message in a Bottle, Wrapped Around, King of Pain...) eta bere bakarkako ibilian pilaturikoak (Englishman in New York, If I Ever Loose My faith, Moon over Bourbon St...) eman ohi ditu Stingek, eta kritikarien partetik txaloak jaso ditu eztenkadak baino gehiago. Kantariaren ahots gaitasuna eta orkestrarekin lorturiko erabateko kohesioa azpimarratu dituzte. Sorkuntza aldetik krisian ote den edo galdetu izan diotenean erantzun argia eman du: «Urteekin zaila da sorkuntza eta abenturarako gogoak uztartzea. Kantu zaharrak lehengo gogo eta konbikzio berarekin abesten ditut, nahiz eta ez duten gauza bera transmititzen. Bai kantuak bai ni izaki bizidunak gara, eta aldatu egin gara. Bilakaera izan behar dugu, eta gauza berriak esan behar ditugu. Horregatik da interesgarria eta dibertigarria kantu zaharrak berriz asmatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.