Su Ta Gar, ametsak betetzeko orduan

Bost urtez kantu berriak argitaratu barik egon eta gero, 'Ametsak pilatzen' lan berriarekin dator taldea

Su Ta Garrek bost urte igaro ditu diskorik grabatu gabe. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
«Gure kantuak oraindik aldarrikatzaile eta kritikoak diren arren, diskoari izena ematen dion kantuak ikuspuntu positiboagoa dauka, Euskal Herriak politikoki bizi duen momentu itxaropentsu honekin lotuta doana». Berba horiekin, Aitor Gorosabel Su Ta Garreko ahotsak nabarmendu duilusioz piztutako une batean kaleratu dutela disko berria. Hortik dator Ametsak pilatzen lan berriaren izenburua:«Ideologiak alde batera utzita, sentipen hori daukagun pertsona guztiei eskainita dago diskoa», eta ametsak pilatzen ibili ondoren «azken pausoa izango litzateke zailena, ametsok betetzea».

Su Ta Garren estudioko bederatzigarren lana da Ametsak pilatzen. Azkenaurrekoa, Jainko hilen uhartean, duela bost urte atera zuten, hortik jarraitzaileen kantu berri egarria. 2008an abesti berriak lantzen hasi ziren, baina, urte horretan taldeak 20 urte bete zituenez, ospakizun bira prestatzen hasi, eta kantu berriak sortzeari utzi zion. 2009an kaleratu zuten Su Ta Gar 20 urte CD bikoitz eta DVDa. 2010eko udaberrian berriro ekin zioten kantu berriak lantzeari, eta aurtengo udarako hemezortzi bat zituzten.

Disko freskoa

«Grabatzeko ordua heldu zenean, kantu fresko eta bat-batekoak aukeratu genituen, eta sorkuntza mailan buruhauste gehien eman zigutenak kanpoan gelditu ziren»,azaldu du Gorosabelek. Gaineratu du sormen denbora gehien behar duten abestiek ez dutela zertan onenak izan. «Horietako batzuk teknikoki zorrotzak badira ere, musikari dagokionez disko fresko eta zuzena delako sentipena daukagu». Hitzei dagokienez, berriz, honela esan du: «Beti bezala zuzenak eta argiak izaten saiatu gara, musika bezala, ahalik eta freskoenak izan daitezen».

Kantuetan aipatzen dituzten gaiak beraien inguruan gertatzen denarekin eta dituzten esperientziekin lotzen direla diote taldekideek. «Ez dakigu orokorrean oso baikor edo itxaropentsuak diren, baina uste dugu eraikitzaileagoak direla suntsitzaileak baino gehiago», nabarmendu du Su Ta Garreko ahotsak. Musikari dagokionez, betiko estiloaren esentzia galdu gabe dator taldea Ametsak pilatzen diskoan. Hegan abesti instrumentalak modu lasaian ematen dio hasiera diskoari, ondoren etorriko den musika ekaitzaren aurretik. Piztia AEBen nazioarteko politikaren aurkako kantua da. Agintari askoren botere gose eta bortizkeriaren ingurukoa da Etsaien hitzak; musikak hori guztia kritikatzeko taldeari ematen dion aukerari buruzkoa.

Euskal Herritik urrun kartzeletan dauden presoei eskaini die taldeak Poza eta tristura kantua. Beti tente eta tinko inbidia sentimendu horrek sor dezakeen minaren ingurukoa da, eta nahiz eta musikalki taldearen ohiko estilotik aldendu,Su Ta Garren esentziari eusten diola azaldu du Gorosabelek. Norbera bere ametsen jabe sistema honek sortzen dituen kateetatik askatzearen aldeko kanta da; debeku eta isunen gizartea, teknomenpekotasuna eta abar aipatzen dituena. Bai singlerako eta bai bideokliperako aukeratu duten kantua da. Materia hutsa naiz aspaldiko lagunei eskainitako abestia da. Disko berrian bi maitasun kanta daude: Kantarik politena eta Zure zain. Bizi izeneko kanta preserbatiboaren erabilpenaren inguruan Elizak eta aita santuak diotenaren aurkako abestia da.

Diskoari izena ematen dion kantua da azkena. Ametsak Pilatzen, hamaika kantuetatik baikorrena. «Euskal Herrian itxaropena sortu da, eta, beraz, momentu honetan ametsak pilatzen dihardugu, eta ez da gutxi. Azken pausoa amets horiek egia bihurtzea izango da; gauzarik zailena, baina zorionez bide horretan goaz», azaldu du Gorosabelek.

Taldekide berria

David Zarzosa taldeko baxu jotzaileak azken kontzertua eman zuen irailaren bukaeran, Iurretan. Hemendik aurrera Igor Diezek astinduko du baxua. Kalte taldeko gitarrista arituko da taldearekin disko berri hau aurkezten.

Xabi Bastida taldeko gitarra jotzaileak azaldu du zuzenekoak argi muntatze eta atrezzo aldetik «ederrak» izango direla. Eta diskoaren izenari men eginez, taldea ere «ametsez beteta» dator. Aurten unean unekoa bizitzeko gogotsu datozela adierazi du Bastidak: «Inoiz baino gogo gehiago dugu furgoneta hartu eta hor zehar zuzenekoak emateko».

Duela sei hilabete webgunea eta sare sozialetan profil berriak zabaldu zituzten, eta pozik daude jarraitzaileekin kontaktuan egoteko era berri emankor bat delako. «Facebooken 1.800 lagun gara, Twitterren 800 inguru, eta YouTuben gure bideoklip berriak pare bat astetan 12.000 bisitatik gora izan ditu». Aurkezpen birako hemezortzi kontzertu lotu dituzte. Euskal Herrian gehienak. Galizian eta Katalunian ere joko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.