Betidanik izan dute ideia buruan, behin eta berriz ateratzen zen gaia entseguetan, eskatu egiten zieten zale batzuek, eta, azkenean, animatu dira: balada disko bat kaleratu du Su Ta Gar taldeak; Maitasunari pasioa. “Su Ta Garren esentzia eta indarra ditu, baina leunagoa eta xamurragoa da”. Aitor Gorosabel abeslari eta gitarra jotzaileak aitortu du gaur Bilboko Biba gunean egindako aurkezpenean. “Gure orain arteko diskorik intimo eta pertsonalena izan daiteke hau”. Maitasuna eta pasioa dute gai abesti guztiek, baina, zehaztu dutenez, maitasun eta pasio asko dira kontuan hartzen dituztenak. “Joandako lagunekiko maitasuna, bikotekidearekiko edo bikotekide ohiarekikoa, Euskal Herriarekikoa, naturarekikoa, eta baita norbere buruarekiko maitasuna edo gehienetan maitasunik eza ere”.
[youtube]https://youtu.be/h3-wRKRlFwo[/youtube]
“Zerbait ezberdin egiteko beharra geneukan”, azaldu dute taldekideek. Eta, diskoa berezia izanik, haren bira ere berezia izan dadin nahi dute. Antzokietan aritzea da haien asmoa, eta publikoak kontzertua eserita ikustea. Ohiko formatuarekin kontzertu batzuk badituzte itxiak aurretik, ordea. Bilbon izango dira bihar, esaterako, Kafe Antzokian. Eta jada hitzartuta dauzkaten emanaldi horiek amaitutakoan, urtarriletik aurrera hasiko dira diskoaren aurkezpen bira bereziarekin.
Kantek duten intimotasuna islatu nahi izan dute diskoaren diseinuan ere, eta horregatik eman diote eskutitz zahar baten itxura. Eta horregatik datoz hitzak ere eskuz idatzita liburuxkan. “Horrela, abestien hitzak entzuleari bidalitako eskutitzak izan daitezkeela irudikatu nahi dugu”. Astebete darama diskoak kalean, eta orain arte jasotako erantzunarekin pozik azaldu dira taldekideak. Halere, argi azaldu dute diskoa salbuespena izango dela. “Proiektu puntual bat da. Gure asmoa da disko honekin emanaldi sorta bat egitea antzokietan, eta gero berriz gure betiko formatura itzultzea".