"Lemmyrentzat [Kilmister], zuentzat eta niretzat, garrantzitsuena da rock-and-rolla", oihukatu zien ikusleei agertokitik Henry Rollins musikariak, Azkena Rock jaialdiko lehen jardunaldiaren hondarrean. Arrazoia eman beharko zaio Rollins handiari, atzokoa bezalako arratsalde desatsegin batean Mendizabalara agertutako publikoaren grina ikusita. Iragarpen txarrenak bete ziren, eta zortzi orduz etenik gabe bota zuen euria Gasteizko hiriburuan, baina ez zuen lortu musika festa zapuzterik.
Emanaldi bakarra atzeratu behar izan zuten antolatzaileek, Julian Maesok Andre Mari Zurian eskaini behar zuena. Arratsaldera eta Mendizabalara lekualdatu zuten. Gainerakoan, agindutakoari eutsi zion jaialdiak, eta kontzertu gunean paratutako karpa ugariak eskertzekoak izan ziren, blai ez geratzeko.
Karpapean babestuta eta agertokietatik urrun samar ekin zieten ikusle gehienek arratsaldeko saioei. The London Souls eta Daniel Romano baldintza eskas horietan aritu ziren. Emanaldiak eta lana txukun beteta, bi proposamen interesgarriek arreta handiagoz eta gertuagotik entzutea merezi zuten.
Aipatu izan da artista batek egoera kontra duenean ikusten dela zer eskarmentu duen benetan. Vintage Trouble taldeak buelta eman zion giro goibelari, eta hankaz gora jarri zuen eremua. Bandak ez du ezer berririk asmatu —rock klasiko eguneratua da haiena—, baina Ty Taylor abeslariak sortzen duen ikuskizuna aseguru bat da asperduraren aurka. Total strangers eta beste abesti batzuetan publikoaren laguntza eskatu zuen, eta baita lortu ere. Busti ziren asko Vintage Trouble gertutik ikusteko, eta ez zitzaien damutu.
Lucindaren aldarriak
Arratsaldea gauarekin lotzeko txanda egokitu zitzaion Lucinda Williams abeslariari, Motorhead taldeko Lemmy Kilmisterren omenez atondutako agertoki nagusian. Larruzko jaka eta lastozko kapela jantzita atera zen oholtzara Williams, rock, folk, country eta americana soinuetan oinarritutako emanaldi baterako. Ez zen hor geratu Williams, eta Police estiloko reggae batekin ere animatu zen.
Merezi du aipatzea Lousianako kantautorea laguntzen duen taldea. Stuart Mathisen gitarrak, David Suttonen baxuak eta, bereziki, Butch Nortonen bateriak distira eta egitura eman zioten kantu bakoitzari.
Gaueko momentuetako bat Foolishness abestiaren interpretazioa izan zen. "Ez dut nahi sexismoa nire bizitzan, ez dut nahi arrazakeria nire bizitzan", oihukatu zuen Williamsek, aldarri politikoei ekin eta gaur egungo AEBetan dagoen giroari buruz iritzi argia eman aurretik: "Ez dut nahi Donald Trump nire bizitzan". Testuinguru horren logikari jarraitu zion emanaldia bukatzeko, ikusleak saltoka jarri zituen Neil Youngen Rockin in a Free World kantuaren bertsioarekin.
Ordurako eta ia konturatu gabe, atertu zuen Gasteizen. Blackberry Smoke taldeak eskertu zuen azkenik giroa baretu izana. Southern rock proposamenak Lynyrd Skynyrd edo The Black Crowes taldeen arrastoari heldu zion, soinu txukun batekin, baina bi talde horiek duten itzaletik urrun.
The Hellacopters, nagusi
Gaueko emanaldi nagusia The Hellacopters ziren. Suediako banda hori kontzertu bakarrerako elkartzekoa zen aurten, baina Primal Screamen kontzertua bertan behera geratzeak lekua egin zien Azkenako kartelean. Ez zuen ahaztu baldintza hori Nicke Andersson abeslariak, Primal Screamekoei erortzeagatik eskerrak eman zizkionean.
Hasierako taldea elkartu dute berriro. Horrek esan nahi du Dregen gitarra jotzailea zen garaietako abestiek osatu zutela kontzertua. Gustura eta jostalari agertu zen Dregen, eta txinpartak atera zizkion rock estilo zuzen eta bortitzean sarritan ikusten ez diren Gretchs gitarrei.
Hellacoptersen ibilbideko harribitxi asko bidean utzi zituen emanaldiaren formatuak, baina, horren ordez, oso gutxitan entzun diren abesti batzuk utzi zituzten. Esaterako, 1995 urte berean atera zuten lehen singleetako bat. Kike Turmix ekoizle bizkaitarra ere gogora ekarri zuten, eta harekin Madrilen egindako ekoizpenak. Emanaldia borobiltzeko, publikoa dantzan jarri zuen azken kantua izan zen lehenbiziko diskoko lehenengoa: (Gotta Get Some Action) Now!.
David Bowie Duke zuriaren omenezko irudia darama aurten bigarren agertokiak. Musikaren beste duke bat da Glenn Danzig, ilunagoa dudarik gabe. Soinu gogorren unea zen, eta jarrera aldetik —harroxko eta grinatsua— ezin zaio eragozpenik jarri. Beste kontu bat da baritono ahotsarekin justu samar aritzea, eta hori ,Evil Elvis ezizena badaramazu, ez da oharkabean pasatuko.
Ordu eta erdiz bere diskografiako abestiei errepaso zabala eman zien Danzigek, batez ere Misfits utzi osteko lehen hiru diskoei. Black Sabbathen NIB ere abestu zuen, baina ez zen oso bertsio txukuna izan. She rides, Mother edo Twist of Cain abestiek, behintzat, zaleenak gogobete zituzten.
Jaialdiko lehen eguna bukatzeko, proposamen ezberdin batekin saiatu ziren antolatzaileak. Gutterdamerungikuskizunak zuri-beltzeko pelikula baten irudiak eta zuzenean ari den talde baten musika bertsioak bateratzen ditu. Tarteka, Henry Rollins musikariak zuzeneko narratzaile lana ere hartzen du.
Formatu berritzailea denik ezin da ukatu, baina, goizaldeko hiruretan eta igarotakoa igarota, filmak ez zuen lortu publikoa harrapatzea. Ikusleen feedback handirik gabe, hotz joan zen emanaldia, hil aurretik pelikulan parte hartu zuen Lemmy Kilmisterri azken txanpan eskainitako omenaldi txikian izan ezik.
Guztira, 12.242 ikusle izan ziren atzo Mendizabalan, antolatzaileek emandako datuaren arabera. Azkenaren jarraitzaileek beste albiste on bat jaso zuten atzo. Jaialdiak baditu heldu den urterako egunak: ekainaren 23an eta 24an izango da.
Gaur, The Who
Azkena Rock jaialdiak gaur du bigarren eguna. Arreta handiena piztu duen kontzertua 23:00etan hasiko da Mendizabalako eremuan. The Who talde ingeles ezagunak hartuko du agertokia ordu horretan.
Horren aurretik, izango da zer ikusi Azkena Rocken. Cobra bizkaitarrak, Radio Birdman, The Vintage Caravan eta Imelda May ariko dira arratsaldeko txandan. Roger Daltrey eta Pete Townshend ikusi eta gero Refused, Marky Ramone eta Supersuckers ariko dira kontzertuetako azken txanpan.