Sufrimenduaz gogoeta egitea bultzatu nahi du lehen nobelan Carmen Gisasolak

ETAko militante izateko ihes egin duen neska baten amaren gogoetak dira 'Gaur zortzi'-ren abiapuntua

Donostia
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gaur zortzi (Alberdania) jarri dio izenburua Karmen Gisasolak (Markina, Bizkaia, 1959) bere lehendabiziko eleberriari. Bertan kontatzen dituen pasarte askok errealitatearekin lotura izan dezakete, baina kazetarien aurrean garbi utzi nahi izan du «ez dela eleberri autobiografikoa».

Sasira ihes egin duen neska baten ama da eleberriko protagonista. Bere kezka eta bizipenak kontatzeko idazten dio amak ETA erakundeko militante preso bati. Ezinegona sortzen dio bere alabaren ekintzek sor dezaketen minak, baina, aldi berean, bere alabari gerta dakiokeenaren beldur ere bada, «Poliziak atxilotu, torturatu edo erail dezakeelako». Alabak gerorik ez duelako ustea dauka; «ez du ulertzen helburu horien alde borrokatzeko nola sartu den erakunde armatu batean». Gau eta egun dilema hori buruan bueltaka duela bizi da ama.

Borroka armatuak bere barruan sortzen duen ideologia eta errealitatea islatu nahi izan ditu eleberrian Gisasolak. Izan ere, «askotan agertzen diren aurreiritzi eta topikoez bestera, borroka armatuan sartutako militanteak pertsona errealak dira». Idazlearen ustetan, baieztapen hori ulertzeko oso gaitza gerta daiteke askorentzat.

Ikusmina sortu du Gisasolaren eleberriaren argitaratzeak. Izan daiteke borroka armatuaren ondorioei erreparatzen dielako, baina idazlearen beraren soslaia ere esanguratsua izan daiteke kasu honetan. Izan ere, Karmen Gisasola ETAko militante ohia da, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik atera eta Langraizko bidea deiturikoari heldu ziona. Gaur egun Langraizko espetxean dago, baina hirugarren gradua dauka ezarrita.

Gurasoen belaunaldiak «inor ez hiltzearen balioa transmititu» nahi izan ziela uste du autoreak. «Etxean bizi izan dugu hori. Baina seme-alabok borroka armatuaren aldeko hautua egin izan dugunean, kasu askotan etxekoak kontraesan batean bizi izan dira». Batetik, «egiten genuenarekin ados ez zeudelako», eta, bestetik, seme-alabekiko «atxikimendua, erabateko estimua» erakusten zutelako.

Haren ustez, errepresaliatuen senideak haien eskubideak aldarrikatzera ateratzeak ez du esan nahi «egin dutenarekin ados daudenik», nahiz eta «hori ez den guraso guztien kasuan gertatzen».

Egungo egoera politikoa ere hizpide izan du, ezinbestean. «Aurrerantzean, elkarbizitza baten alde egiteko, ekintza armatuek ez dute lekurik, etorkizun normalizatu bat eraikiko badugu». Nabarmendu du alde horretatik Hegoaldeak zer ikasi handia duela Ipar Euskal Herritik.

Eleberri hau «elkarbizitzaren aldeko apustu» gisa definitu du egileak. «Gure herrian gertatutakoari buruzko hausnarketa egitea ezinbestekoa dugu, albora begiratzeak ez dituelako zauriak ixten», eta adierazi du gogoetarako tresna bat izatea nahi duela.

Aintzane Ezenarro legebiltzarkide ohiarekin aurkeztu zuen liburua, eta ohi baino kazetari gehiago erakarri zituen aurkezpenera. Amaieran, joera politikoko galdera sorta luzea egin zioten Gisasolari; argi esan zuen eleberria ez dela «inongo kolektiborentzako mezua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.